argia.eus
INPRIMATU
Vasconiako historia bat: euskal matriarkatuaren mitoa

Mari Carmen Basterretxea 2022ko uztailaren 26a

Aspalditik ETB1en Alberto Santana "Euskal matriarkatuaren mitoa" aurkezten ari da. Saioan Santanak esan zuenak harritu egin ninduen. Nola liteke esatea euskaldunok ez dugula izan matriarkatua gure historian? Gezurra dela? Ez dugula ezer berezirik, patriarkalak garela? Programa horren helburua zein den galdetzen nion nire buruari.

Santanaren helburua da ukatzea eta ezabatzea euskaldunen jatorrizko historia, eta kolonizatzaileek euskaldunentzat asmatu duten historia egia izango balitz bezala kontatzea. Beraz, joko perbertso baten aurrean gaude, hau da, kolonizatzaile patriarkalaren eraso potolo baten aurrean.

Esan beharra dago Europan, paleolito garaian, gizaki taldeak amaren taldeko pertenentzia zeukala, eta amaren pertenentziak adierazten digu taldea matrilineala zela, taldea amaren aldetik zetorrela. Amaren taldeko pertenentzia hark bizimodu matriarkal bat egituratu zuen. Niretzat matrilineala esatea egokiagoa litzateke.

Zorionez, horren arrastoak euskal senide-egituran azaltzen dira: neba, arreba, izeba, osaba, loba, aitaginarreba, amaginarreba hitzetan -ba bukaera aurkitzen dugu. Atzizki horrek adierazten digu euskaldunen senidetasuna amaren aldetik datorrela. Hitz horien etimologia azterturik, aita aitaginarreba da, amaren aldetik datorrena, eta arrebaren neba dela esan nahi du. Ama amaginarreba da amaren aldetik datorrena, eta nebaren arreba dela esan nahi du. Biek ala biek baieztatzen digute euskaldunok amaren aldetik datorren senide-egitura dugula, matrilinealak garela.

"Elizak Inkisizioa eta deabruaren teoria sortu zituen, eta jazarpena bururaino eraman zuen Europako herri matriarkalen aurka"

Horrela, haurren aita biologikoa bizi zen bere amaren etxean, etxean haurrekin aitaren funtzioa egiten zuena osaba zen, eta oraindik nebak bere arreben haurrekin presentzia handia dauka. Amaren etxean bizitzeak esan nahi du amonaren neba-arrebekin eta seme-alabekin bizi zirela. Belaunaldi guztietan jaiotzen ziren umeak etxe horretan biziko ziren bere amaren nebekin, amaren ahizpekin eta amaren ahizpen seme-alabekin.

Etxeari dagokionez, gurasoek oinordetzan alabari ematen zioten etxea. Beste arrastoa etxeko-andrea dugu, emakume horrek etxeko ekonomia kudeatzen du, eta etxekoei esaten die zer egin behar duten etxekoek ongizatea lor dezaten .

Sinesmenetan, Mari ama-lurraren irudikapena baino gehiago da. Bizitza ematen duena da, eta euskaldunon jatorrizko sinesmenak dira Mariren aginduen garrantzia eta Mariri egiten zaizkion otoitzak. Mariren maitalea Sugar dugu, harreman horretatik sortu ziren eguzkia eta ilargia, horrek euskaldunen pentsamolde filosofikoa zein den adierazten digu. Igarotze-errituak ere baditugu –euskal jaiotza erritua atsolorra, gazte dantza, neska dantza, mutil dantza, hil-lorra–, lan eta ekoizpen arloan auzolana, batzarra, auzo-lorra, besteak beste.

Bizimodu matrilinealak sortu zuen gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna, emakumeak eta gizonak botere berdina zeukaten, gizartea berdinzalea zen. Eta berdintasun hori euskaran agertzen zaigu: adibidez, laguna, umea, haurra, maitalea hitzetan ez dugu bereizten generoa.

Bestalde, neolito garaian indo-europarren inbasio patriarkalak egon arren, euskaldunek bizimodu matrilinealarekin jarraitu zuten.

Baina Alexandro Aita Santuak 1179an Europako herri matrilinealei gerra santua egitea agindu zuen, bizimodu patriarkala inposatzeko. Horretarako Elizak Inkisizioa eta deabruaren teoria sortu zituen, eta jazarpena bururaino eraman zuen Europako herri matriarkalen aurka. Testuinguru hartan herri asko desagertu ziren, eta euskaldunen populazioa gutxitu egin zen. Jakina, gerra santuak jarraitu zuen, eta 1515ean Julio Aita Santuak agindu zion Gaztelako Koroari Nafarroako konkista militarra egitea. Konkista militarra egin ondoren Inkisizioak legean jarri zituen sorginkeri akusazioak, bizimodu patriarkala inposatzeko. Elizak inposatu zuen maiorazkoa, talde pertenentzia aita biologikoarena izatea, emakumea menpekoa bihurtzea, gizon matrilinealak autoritarioak eta bortitzak izatea, eta katolikoak izatea.

Oraindik, XXI. mendean euskaldunok kolonizazio prozesuan jarraitzen dugu. Eta norbanako asko bizimodu patriarkalarengatik kutsatuak egon arren, adibidez, apustuan baserria galtzen duten gizonak, edo gizon patriarkal bezala funtzionatzen duten emakumeak, matriarkatuaren jatorrizko arrastoak indarrean daude gure herrian. Euskaldunok ez gara espainiarrak ezta frantziarrak, jatorrian amaren taldeko pertenentzia dugu, gure ezaugarri propioak ditugu, gure ama hizkuntza euskara matrilineala dugu, eta jatorriz Europako azken herri matrilineala gara.