argia.eus
INPRIMATU
Varoufakisek Europa mailako ezkerreko mugimendu berria aurkeztuko du otsailean
  • Otsailaren 9an gertatuko da eta Berlinen: Yanis Varoufakis ezkerreko ekonomialari eta Greziako ministro ohiak aurkeztuko du DiEM25 Democracy in Europe Movement in 2025 mugimendu berria.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2016ko urtarrilaren 04a

“Hirugarren alternatiba” moduan sortu da, batetik Europako herritarrei erabakitze ahalmena kentzen dieten instituzioen eta bestetik Europari uko eginez berriro lehengo nazio-estatuen mugetara atzera egin nahi duten indarren artean.

Albistea Neues Deutschland hedabide ezkertiarrak zabaldu du, nabarmenduz Varoufakisek alde batera utzi dituela eurogunetik irteteko proposamenak eta orain Europako herritarren mobilizazioetan duela itxaropena 2008ko krisitzarrak sortutako hondamendiari irtenbidea kontinente mailan emateko.

C plan berri bat ote da Veroufakisek dakarrena? Zeren eta Europako ezkerrarentzako B plan bat iragarria baitzen 2015 amaierarako, tartean zirela Oskar Lafontaine, Jean-Luc Melenchon eta Varoufakis bera. B plana aipatzen zuten, adierazteko ezkerrak huts egin zuela Grezian –herritarrek Troikaren itunari ezezkoa eman ostean agintariek burua makurtu eta baiezkoa eman ziotenean– justu horrelako egoera larri baterako plan alternatiborik ez zeukalako prest, eurotik irtenda aurrera ateratzeko moduko B plan bat.

Parisen, laburki bederen, B planez mintzatu dira COP21era iritsita Lafontaine, Melenchon, Susan George eta beste hainbat buruzagi ezkertiar ezagun, baina haien tartean ez da azaldu Varoufakis.

Honek El Diario egunkari digital espainiarrari azaldu dio bere C planaren mamia. Alderatuz 2008an lehertutako krisi handia 1929koarekin, Varoufakis kezkatzen du etsipenak, depresioak eta beldurrak 80 urte beranduago antzeko fruituak ekartzeak: “Weimarreko errepublikan, kantzilerra zelarik Heinrich Brüning, burgesia konbentzituta zegoen aberastasuna langileen eskuetatik berenetara pasatuz konponduko zutela ekonomia eta aldi berean eskuin muturrak bidea moztuko ziola gero eta indar handiagoa zeukan ezkerrari. Adolf Hitler izan zen emaitza. Gaur, oso antzera, Brüningen politika ekonomikoa berpiztu dute eta Euro-taldeak eta Troikak arrastoan sartu dute ezkerra, bitartean ultranazionalismoak, arrazismoak eta neonazismoak bidea libre dutelarik mehatxu bihurtzeraino”.

Europako talde politiko handiak herrialdeetako partiduen elkartze eta federazio gisa antolatuta baldin badaude, oso bestela antolatuko da DIEM25 mugimendua: Europa mailan egituratuko da lehenik eta hortik joango da herrialde bakoitzean gorputza hartzen. Xehetasun gehiago, otsailaren 9an Berlinen.