argia.eus
INPRIMATU
Valtónycen aurkako euroagindua behin betiko indargabetu dute Belgikako epaitegiek
  • Ganteko Apelazio Epaitegiak Mallorcako rap abeslariaren estradizioa ukatu du, eta Espainiako Estatuak ez du helegiterik aurkeztu. 2018an egin zuen ihes Valtónycek, bere abestien letrengatik ezarritako hiru urte eta erdiko espetxe zigor batetik ihesi.

ARGIA @argia 2022ko maiatzaren 18a
Argazkia: rtve.es

Belgikako epaitegiek Josep Valtónycen alde egiten duten laugarren aldia da, eta azkena. Aurrekoetan Espainiak bere musika letrengatik egozten dizkion hiru delituak ukatu zituzten, hurrenkera horretan, Lehen Instantziako, Apelazio eta Kasazio epaitegiek: mehatxuak, terrorismoari gorazarre egitea eta laidoak Espainiako Koroari. Orain Ganteko Apelazio Epaitegiak aztertu du rap abeslariaren letrak delitu izan daitezkeen Belgikan, herrialdeko zigor kodearen arabera, eta ezetz ebatzi du. Espainiako Fiskaltzak egun bat zuen helegitea aurkezteko, eta ez du horrelakorik egin.

“Irabazi dugu”

Gonzalo Boye eta Simon Bekaert Valtónycen abokatuek poza adierazi dute garaipenarengatik. Boyek gogorarazi du hainbat aldiz eman dietela Belgikako epaitegiek arrazoia, “nahikoa da jada, ezta?”. Abokatuek azaldu dute orain Europa osoan mugitzeko libre dela rap abeslaria, “salbu Espainiara joan, estatuak behingoz onartu eta beharrezkoa kudeaketak egin arte”.

“Inoiz ez naiz bakarrik sentitu”

2018an heldu zen Belgikara Valtónyc espetxetik ihesi, 24 urte zituela eta 18 urterekin idatziko musika letrengatik. Abeslariak berak adierazpenak egin ditu behin betiko garaipena ezagutu ostean, nabarmen hunkituta. Erbestean eman dituen lau urte luzeen errepasoa egin eta azpimarratu du denbora horretan guztian zehar “inoiz” ez dela “bakarrik sentitu”. Eskerrak eman dizkie bere alboan izan dituen guztiei. Adierazpen askatasunaren alde “ahal izan dudan guztia” egin duela adierazi du, eta “borroka egiteko garaia” dela aldarrikatu.

Beheko txioan ikusi daitezke bere adierazpenak: