argia.eus
INPRIMATU
Valtònyc rap kantaria Mallorcara itzuli da bost urtez erbestean egon ondoren
  • Josep Miquel Arenas Beltrán ‘Valtònyc’ rap kantari mallorcarrari hiru urte eta sei hilabeteko kartzela-zigorra ezarri zion Espainiako Auzitegi Gorenak bere kantuetan “terrorismoa goratzea” eta Espainiako koroari “irain egitea” leporatuta. Belgikara ihes egin zuen eta zigorrak preskribatu duelako itzuli da bere etxera.

ARGIA @argia 2023ko urriaren 30
Saioa Baleztenak ARGIArako egindako elkarrizketan, 2018ko martxoan. Argazkia: Jordi Borràs.

Mallorcako aireportuan eta Sineu bere herrian ongi etorria egin diote senideek eta lagunek. Kazetari ugari ere izan du inguruan. Adierazi du pena dela zigorra preskribatu delako itzuli izana eta ez Espainiako Estatuak autokritika egin duelako. Bruselako bost urteko erbestealdia oso gogorra egin zaiola aitortu du, baina urteotan askatasunaren alde egindako borrokak merezi izan duela adierazi du.

Adierazpen askatasunaren aldeko aldarria

Epaiketan rap kantariak esan zuen bere rapa muturrekoa, probokatzailea, alegorikoa eta sinbolikoa dela, eta adierazpen askatasunari heldu zion. Alabaina, Gorenak atzera bota zituen haren alegazio guztiak eta esan zuen nahikoa dela kantuak irakurtzea "edukien larritasunaz jabetzeko".

Espainiako Auzitegi Gorenak 2018ko otsailaren hondarrean berretsi zuen Valtónycen aurkako epaia. Martxoan, Saioa Baleztenak ARGIAn elkarrizketa egin zion. Espetxerako aginduaren zain zegoen eta zigorra laburtzeko indultu eskaerari uko egina zen.

Argazkia: Jordi Borràs.

Baleztena kazetariak galdetu zion ea zergatik egin zion uko indultua eskatzeko aukerari: “Hasteko, uste dudalako ez dudala ezer gaizki egin eta, indultuak berezkoa du errua aitortzea. Nire lana eta afizioa da abestiak idaztea eta adierazpen askatasuna eta sorkuntza eskubideak erabili besterik ez dut egin. Bestalde, indultuarentzat ezinbestekoa litzateke Espainian ez dagoela adierazpen askatasunaren urraketarik argudiatzea. Begi bistan da, ez nagoela halakorik esateko prest”.

Adierazpen askatasunaren osasunaz, berriz, ondokoa adierazi zuen: “Gizarte demokratiko eta aski heldu batek aurrez aurre hartu beharko lukeen eztabaida da adierazpen askatasunarena. Argi dago Espainia ez dela demokratikoa, ezta heldua ere. Beraz, adierazpen askatasuna urratzen du, nahikoa babestuta dauden zapaltzaileak iraintzen ditugunean. Arazo nagusia da maila berean jartzen dituztela, adibidez, boteretsuen kontrako irainak eta gizartean, objektiboki, bazterkeria pairatzen duten LGTBI edo arrazakeriaren biktimen aurkako irainak”.

Elkarrizketa osoa irakurtzeko: "Gure lana erabiltzen ari dira beldurraren kultura zabaltzeko"