Ahozko auzi saioa egin da astelehenean Europako Batasuneko Justizia Auzitegian, Josep Valtónyc rap abeslariaren aurkako euroagindua aztertzeko. Europako Batzordeko abokatuak Valtònyc-en defentsaren argudioekin bat egin du, Espainia eta Belgikako estatuek aurka.
Valtónyc Belgikara erbesteratu zenean Espainiako Estatuak haren estradizioa eskatu zuen, terrorismoa goratzea leporatuta. Estradizio azkarra jatorrizko estatuan gutxienez hiru urteko espetxealdia ezarrita duten delituentzako soilik onartzen du Europako legediak. Terrorismoa goratzeagatik bi urteko espetxe zigorrera zigortu zuen Espainiak Valtònyc, 2012ko legea aplikatuz. Baina 2015ean legea moldatu zuen Espainiak, eta euroagindua bideratzean delitu horrentzako gehienezko zigorra hiru urtekoa zen.
Asteleheneko ahozko auzi saioan, Valtònycen abokatu Gonzalo Boyek defendatu du epaitu zuten uneko legearen arabera aplikatu behar zaiola euroagindua Valtònyci, agindua indargabetuko lukeena. Espainia eta Belgikako estatuek defendatu dute euroagindua aurkeztu zeneko legea izan behar duela erreferentzia, euroagindua onartzea lekarkeena. Europako Batzordeko abokatu Rudi Troosters-ek defentsaren argudioen alde egin du.
Epaia aurrerago ezagutuko da. Aurretik, irailaren 26an, Europako Batzordeko abokatu nagusiak txostena aurkeztuko du. Valtònyc zein bere abokatu Boye pozik agertu dira auzi saioarekin.
Sin duda, salimos optimistas. Vamos a esperar a la sentencia que se dictará después del informe del Abogado General que se presentará por escrito el 26 de Noviembre. https://t.co/vKh3XNxhlg
— Gonzalo Boye (@boye_g) September 16, 2019