Espainiako Auzitegi Gorenak José Miguel Arenas Beltrán “Valtonyc” raperoaren sententzia berretsi du asteartean eta hiru urte eta sei hilabeteko kartzela-zigorra ezarri dio. Gorenak esan du adierazpen askatasunak eta arte sorkuntzarako eskubideak ez dituela bere letrak babesten.
Espainiako Auzitegi Nazionalak eskatu zuen hiru urte eta erdiko kondena, eta asteartean berretsi du Auzitegi Gorenak. Bi urteko kartzela zigorra “terrorismoari gorazarre” egiteagatik, beste bat monarkiaren aurkako kalumniengatik eta sei hilabete abestietan jasotako “mehatxuengatik”.
Auzitegi Nazionalak esan zuen Valtonyc-en letrek GRAPO eta ETA taldeak eta horietako kide batzuk goresten dituztela eta Espainiako erregea eta haren senideak iraintzen ere.
Rap kantariak esan zuen bere rapa muturrekoa, probokatzailea, alegorikoa eta sinbolikoa dela, eta adierazpen askatasunari heldu zion. Alabaina, Gorenak atzera bota ditu haren alegazio guztiak eta esan du nahikoa dela kantuak irakurtzea "edukien larritasunaz jabetzeko".