Concepción Espejel epailea izendatu dute Altsasuko gazteen epaiketa zuzentzeko. Gazteen abokatuek Espejel kasutik aldentzea eskatu dute, Guardia Zibilaren koronel batekin ezkonduta dagoelako eta Guardia Zibilak “Merezimenduzko Saria” eman ziolako, besteak beste.
Apirilaren 16an izango da epaiketa Madrilen eta zuzentzeko ardura Concepción Espejel epaileari eman diote. Altsasuko gazteen defentsarako abokatuek epailea kasutik aldentzea exijitu dute. Inpartziala ezin dela izan adierazi dute. Alde batetik, Guardia Zibilaren goi koronel batekin dagoelako ezkondua eta bestetik, Espainiako Barne Ministerioak banatzen duen "Orden del Mérito de la Guardia Civil" saria jaso duelako. Sari horren helburua da "Guardia Zibilaren prestigioa eta Aberriaren (Espainia) interesak sustatzen dituzten aparteko jarrera edo ekimenak saritzea".
Espejel da Altsasuko auzian parte hartuko duten epaileetako bat. Bera izango da presidentea. Zortzi dira guztira Altsasuko Auzian epaituko dituzten gazteak eta hiruk 473 egun daramatzate espetxean dispertsatuta. 375 urteko espetxe zigorra da akusazioa, terrorismo delituak egotzita.
Valtonic espetxera bidali zuen
Espainiako Auzitegi Gorenak hiru urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri dio Valtonyc abeslariari. Bi urteko kartzela zigorra “terrorismoari gorazarre” egiteagatik, beste bat monarkiaren aurkako kalumniengatik eta sei hilabete abestietan jasotako “mehatxuengatik”. Enrique López eta Juan Pablo Gonzálezekin batera, Concepción Espejel izan zen zigorra berretsi zuen epaileetako bat.