“TTIP eta CETA ezartzearren herritarrek aukeratutako parlamentu eta gobernuen aurka joko dutela frogatu du Valoniarekin gertatutakoak”, diosku Júlia Martík, Euskal Herrian TTIPari Ez! kanpainako bozeramaileetako batek. Azaroaren 5ean merkataritza askeko akordioen aurka mobilizatu ostean, presio egiten jarraitzeko unea dela dio Martík. Mugarri hurbilena urtarrilean du akordioon aurkako mugimenduak: orduan erabakiko du Europako Legebiltzarrak EB eta Kanadaren arteko CETA akordioa berresten duen edo ez.
Joan den asteburuan milaka lagun atera ziren kalera Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan TTIP eta CETA akordioei ezetz esatera. Zaila da, ordea, gai horrekin jendea mobilizatzea…
Hala da. Gai konplexua da, hedabide handietan gutxi aipatzen dena… Egia esan ez genuen hainbeste jende espero. Azken boladan lortu da CETA gehiago iristea iritzi publikora, oztopo hori gainditu da. Alde txarra zein da? Bada, Valoniarekin gertatutakoak frogatu egin duela merkataritza askeko akordioak ezarri nahi dituztenek ez dutela zalantzarik herriak aukeratutako parlamentuen eta gobernuen aurka egiteko. Nolanahi, Valoniak erakutsi du akordiooi aurre egitea posible dela. Presio egiten jarraitu behar dugu.
Valoniako oztopoa momentuz alboan utzita, Europako Batzordeak eta Kanadako Gobernuak CETA sinatu dute azkenik, baina orain berrespen prozesu luzea dator ituna indarrean sartzeko. Lehenik, urtarrilean, Europako Parlamentuan.
Bai. Eta Eurolegebiltzarrak onartu eta gero estatu bakoitzeko parlamentuak ere berretsi beharko du; luze joko du, baina CETA behin-behinean indarrean sartuko da Europarlamentuak argi berdea emandakoan. Hori, behin betikoa ez izan arren, arriskutsua da, gelditzen oso zaila den prozesua ipiniko baitu martxan. Izan ere, baditugu adibideak oraintxe, akordioak indarrean egon gabe ere. Esaterako, Europar Batasunean onartu behar ziren hainbat erregulazio gelditu egin dira TTIPen negoziazioei traba egingo zietelakoan: kutsatzaile hormonalei buruzkoa, transgenikoen etiketatzea…
Europa eta Kanadaren arteko akordioa da CETA. Funtsean TTIPen (AEB-Europa) arrisku bera duela esaten duzue. Zergatik?
Erregulazioa modu bertsuan ahultzen dutelako biek, estatu eta inbertsiogileen arteko ebazpen auzitegiak daudelako bietan, eta TTIP azkenik gauzatuko ez balitz ere AEBetako enpresek CETA erabil lezaketelako Kanadan dituzten filialen bitartez, atzeko ate modura.
TTIP kolokan egon daitekeela aditzera eman dute uda amaieran Europako hainbat gobernuk eta bestelako erakundek egindako adierazpenek. Donald Trump bera ere ez omen da akordioaren oso zale.
TTIPen negoziazioak aurrera jarraitzen du, eta AEBetan izandako aldaketak zer ondorio izango duen ikusteko dago oraindik. Ez hori bakarrik: ea zer gertatzen den datorren urteko Alemaniako eta Frantziako hauteskundeen ostean, besteak beste. Edozein kasutan, TTIP, CETA eta halako itunak testuinguru jakinean ematen direla kontuan izan behar da. Alegia, Europar Batasunak merkataritza arloan duen politikaren barruan daude, eta politika hori ez dago ezbaian, aurrera segituko du.
Estatu eta inbertsiogileen arteko ebazpen auzitegiak aipatu dituzu. Lehen ISDS siglekin ezagutzen zirenak, orain ICS… Valoniako Parlamentuan bezala beste erakunde batzuetan piztu den TTIP eta CETAren aurkako erreakzioak auzitegi horiekin du zerikusia batez ere.
Oposizio guztia ISDSengatik sortu zela ikustean, jendarte zibileko mugimenduok ohartarazi genuen arriskutsua zela. Itunen parte hori moldatzea besterik ez zuten, eta itunekin aurrera jarraitu. Izan ere hori gertatu zen: ISDSen ordez ICS direlakoak proposatu ditu Europako Baztordeak, ustez ebazpen mekanismo garden eta justuagoa, baina funtsean kosmetika ariketa baino ez. ICS horiek ere oposizioa dute, Valoniarena berbarako, baina itunen beste elementu garrantzitsu batzuk ez dira ezbaian jarri.
TTIPez eta CETAz pixkanaka hitz egiten hasi garen honetan, isil-isilik martxa onean jarraitzen dute nazioarteko beste itun baten negoziazioek: TiSA.
Erronka dugu orain horretaz hitz egiten hastea, eta erronka zaila da. Nire ustez, TiSA indarrean sartuko balitz arriskutsuagoa litzateke besteak baino, zerbitzuak liberalizatzeari buruzko akordioa delako. Hau da, finantza zerbitzuak (2007ko krisia eragin zuten horiek berak), datuen merkataritza (pribatutasunari mehatxu handia litzateke), zerbitzu publikoak… Osasun sistema, esaterako, are gehiago liberalizatu dezakete. Merkatu global bat sortzeaz hitz egiten ari dira; gaur egun dauden segurantza sozialak merkatu horretan sartuko lirateke lehiatzera.