argia.eus
INPRIMATU
Frantziako Barne ministroak Elkargoa ETArekin lotu izanak euskal hautetsiak haserretu ditu
  • Manuel Valls Frantziako Barne ministroak (PS) Ipar Euskal Herriko lurralde Elkargoari buruz esandakoak alderdi guztietako euskal hautetsien haserrea piztu du. Batasuna, AB, MoDem, UMP eta alderdi sozialistako ordezkariek kritikatu dituzte Vallsen hitzak. ETAk armak uzten ez dituen bitartean Ipar Euskal Herriaren ezagupenaz ez dutela hitz egingo esan zuen El País egunkariak atzo plazaratutako elkarrizketan.

2012ko urriaren 30
Jorge Fernandez Diaz eta Manuel Valls, Espainiako eta Frantziako Barne ministroak, ekainean Madrilen egindako agerraldian. (Espainiako Barne Ministerioa)

Max Brisson UMPko buruaren hitzetan, "Frantziako Euskal Herrian gertatzen denari eta bere jendarteak eskatzen duenari buruz ezagupen falta handia" erakutsi du Barne ministroak. Bestetik, Frantxua Maitia PSko eskualde kontseilariak "onartezintzat" jo du Vallsek ETAren eta lurralde elkargoaren artean egindako lotura. "Frantziako Gobernuak bakearen eraikuntzan lan egin beharko luke", esan du.

Peio Etxeberri-Aintzart ABko bozeramaileak salatu duenez, "instituzioaren gaia ez da Euskal Herrian erabakia, ez eta ere Parisen, Madrilen erabakia da; hor bada anomalia bat".

"Zenbait diputatuk eta auzapezek euskal eskualde bat eskatzen dute; Senatuan argi hitz egin dut: Euskal Herria ez da aipatua Deszentralizazioari buruzko lege berrian", esan du Vallsek El Paísen. "Ez da euskal egitura administratiborik izango. Ez dugu eztabaida hori ireki nahi. Gauzak argi ditugu: ETAk armak uzten ez dituen bitartean tinko jokatuko dugu".

Presoen auzia

El Paísek egindako elkarrizketan euskal presoen auziaz ere mintzo da Frantziako Barne ministroa. "Espainiako Gobernuak ETAren inguruan hartutako erabaki guztiak babestuko ditugu", adierazi zuen: "Epaileek erabaki behar dute horri buruz [presoen hurbilketaz]. Guk ez dugu hori egiten, hala nola Korsikan, oso irmo jokatzen dugu horrekin".

Herrira mugimenduak dioenez, "argi ikusten da Valls jaunak ez duela kontuan hartzen Euskal Herriko gizartearen nahia espainol Gobernamenduarekin lerrokatuz eta azkenean bakearen kontrako zentzua hartuz". Batasunarentzat, "Sarkozyren garaian hedatutako ildo politikoaren barne-barnean kokatzen dira Valls jaunak prentsa espainolean egindako adierazpenak".