argia.eus
INPRIMATU
Valls: “Ez da euskal departamendurik ezta lurralde elkargorik Frantziako Gobernuaren egitarauan”
  • Frantziako Barne Ministro Manuel Vallsek ezetza eman dio Ipar Euskal Herrian departamendua edota lurralde elkargoa osatzeari. Haren ustez, proposamenak ez du Frantziako legedia betetzen.

Martin Vicioso @martinvicioso 2013ko maiatzaren 31
Frantziako Barne Ministro, Manuel Valls

Vallsek dioenez, ororen gainetik “Errepublikaren legea eta Konstituzioaren koadroa errespetatu behar dira”. Hala ere, Frantziako Konstituzioak lurralde elkargo berrien sorrera ahalbidetzen du.

Euskal lurralde elkargoaren aldeko koordinazioko kide Max Brissonen jarrera salatu du Frantziako Barne Ministroak. Vallsen arabera, Brissonek “probokazioa” bilatzen du.  

Bestalde, larunbatean Lurralde Elkargoaren aldeko manifestazioa egingo da Baionan. Ipar Euskal Herriko 100 alkatek baino gehiagok bere adostasuna adierazi dute aldarrikapenarekin, hiri eta herrietako bi herenek. Alderdi politikoek, sindikatuek eta herri mugimenduek ere bat egin dute manifestazioarekin. Esaterako, EH Baik, Sortuk, Aralarrek, EAJk, ELBk, LABek, Autonomia Eraikik eta EHZk.

Vallsen intentzioa gizartea desmobilizatzea dela adierazi dute manifestazioaren antolatzaileek Info 7 Irratian.