Hori uste dute Makrogranjen aurkako Nafarroako Koordinadorakoek, eta horregatik astelehen goiz honetan enpresak Caparroson eraiki nahi duen araztegi berriaren aurkako alegazioak aurkeztu dituzte Iruñean, Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuaren atarian.
Koordinadorakoek azaldu dutenez, Caparrosoko ustiategiak 3.500 inguru behi mantentzeko baimena izan du, duela gutxi Nafarroako Gobernuak baimena 7.500era luzatu duen arte. Ustiaketa prozesuan abere-hondakin ugari sortzen dira eta horiek, lurzoruetako, akuiferoetako eta ur-ibilguetarako arazoak larriagotzen dituzte.
Hondakin horiek tratatzeko egin nahi dute araztegi berria, horrela egungo prozesuetatik sortzen den ur kutsatua, nekazaritzako lurrak ureztatzeko adina kalitateko ura sortuko dutelakoan. Koordinadoraren ustez ordea, hori oso prozesu konplexua da, sarri ez da ongi ateratzen eta, funtsean, ez dute ikusten horrela ingurumen-eragin kaltegarria saihestuko litzatekeenik.
Horregatik, diotenez, "ingurumen-, gizarte- eta ekonomia-arazoei irtenbide bakarra abere-zama murriztea da, eredua aldatzea". Eta horrexegatik, hain zuzen, eskatzen diote Ingurumen kontseilaritzari ez dezala aldaketarik ahalbidetu Ingurumen Baimen bateratuan, Valle de Odieta enpresak nahi duen bezala.
Elektrizitate gutxiago sortuko da
Hibridación Termosolar Navarra SL enpresak, aurrekoaren filialak, makrogranjak sortutako hondakin organikoen (minden) biodigestioa lantzen du, beste enpresa batzuetatik eta hiri-hondakinen mankomunitateetatik datozen hondakinekin batera. Prozesu honetan biogasa sortzen da batetik, elektrizitatea sortzeko erabiltzen den erregaia, eta bestetik, hondakin likido kopuru handia.
Koordinadoraren esanetan, ustiategia asko handitu bada ere, hondakinak tratatzeko azpiegiturek berdin jarraitzen dute, eta beraz, hondakinek egin beharrekoa baino denbora gutxiago egingo dute bertan diren andeletan, eta horrek biogasaren murrizketa ekarriko du, gasaren ekoizpena ere gutxituz.
Hondakin guztien tratamendutik digestato izeneko azken hondakina sortzen da eta, aurkeztutako proiektuaren masa-balantzeak gaizki eginak daudela salatu dute. Araztegia baimendutakoa baino hondakin kopuru txikiagorako dimentsionatu da, diotenez, eta beraz, "horiek arazteko arazoak egon dira".
Mindak ongi kontrolatzeko arazoak
Horrelako etxalde erraldoiek ur kantitate handia behar dute, bai behiek edan dezaten eta baita bestelako prozesuetarako ere. Koordinadorak azaldu duenez, "2021ean Ebroko Konfederazio Hidrografikoak 3.450 behirentzako behar den ur emakida eman zuen. 2019an makrogranjak 7.373 behi eta txahal zituen, eta beraz, ondoriozta daiteke etxaldeak oraindik ez duela kontzesiorik dituen behi guztiak urez hornitzeko".
Eta horrez gain, mindak daude, hau da, behi-hondakinen tratamendutik ateratzen den bukaerako likidoa, ohikoan lurrak ongarritzeko erabiltzen dena. Berez, alegazioetan azaltzen denez, prozesu hau hiri-hondakinen araztegi batean erabiliko litzatekeen antzeko prozesua litzateke, baina duten nitrogeno karga handiagatik haiek baino askoz kutsatzaileagoak dira. Nitrogeno karga hori kentzea, "zaila, garestia eta, gainera, arriskutsua da".
Hondakin nahasketaren arazoa
Baina tratamendu zailtasunez gain, azken produktua komertzializatzeko eragozpenak ere badira. Mindak eta kanpotik ekarritako hiri-hondakinak nahasten direnez prozesuan, "azken produktu horiei ezin zaie konposizioa bermatu eta, beraz, oso zaila da saltzeko baimena ematea".
Plataformak salatzen duenez, prozesu honen ondorioz lortuko litzatekeen produktu garrantzitsuena litzateke ureztatzeko ura, baina "harrigarria da proiektuan dagoen haren kalitateari buruzko informazio falta. Aurkeztutako parametroak egokiak dira ibilgu publikoan isurtzeko, baina ez dira egokiak ureztatzeko ur gisa baloratzeko".
Ur gaziak lur gazietarako?
Ikusi behar da, halaber, ea lur eta uren ezaugarriak bateragarriak diren: araztegietako urak gaziak izaten dira eta arazotsua da haiekin berez gaziak diren lurrak ureztatzea. Hori litzateke urokin ureztatu nahi diren Bardeetako lurren kasua.
Azken oharretakoa araztegiak sortuko lituzkeen hondakin solidoen ingurukoa da. Horiek kudeatzeko ezinbestekoa da simaurtegi-plana aurkeztea, eta oraindik ez dute egin: "Kontuan izan behar da materia horiek zabalduko diren lursail gehienak nitratoen kutsadurarekiko kalteberak diren zonetan daudela; beraz, ongarrien aplikazioen kontrol zorrotza egin behar da". Gaiari buruzko informazio gehiago nahi duenak, Sustrai Erakuntza Fundazioaren webgunean aurkituko du.
Martxoaren amaieran Valle de Odieta enpresak makroetxaldeen aurkako hamalau elkarte epaitegietara deitu zituen, enpresaren izena zikindu dutelakoan. Koordinadorakoek astelehen honetan azaldu dutenez, ez dira kikilduko eta abeltzaintza eredu horren aurka jarraituko dute.