argia.eus
INPRIMATU
Valle de Odieta makroetxaldeak hamalau elkarte deitu ditu epaitegietara
  • Hilaren 30ean ingurumenaren defentsan aritzen diren Nafarroako hamalau elkartek Caparrosoko Valle de Odieta makroetxaldearen adiskidetze deialdira joan beharko dute, enpresaren esanetan aipatu taldeek behitegiaren irudia iraindu eta kaltetu dutelako.

Xabier Letona Biteri @xletona 2022ko martxoaren 28a
Argazkia: Ekinklik

Behitegiko arduradunen salaketan, taldeek Nafarroako Legebiltzarrean 2021eko irailaren 10ean aurkeztutako txostena medio kaltetu zuten enpresaren izen ona. Txosten horrek 178 orrialde ditu eta, ingurumen taldeek diotenez, zazpi baino ez dira kolektiboek egindakoa eta gainerako guztiak hainbat erakunderen dokumentuak dira, hala nola Nafarroako Gobernuarenak, edo bestelako iturri ofizialetan oinarritutakoak.

“Txostena aurkeztu genuen taldeen asmoa –diote elkarteek– ingurumena defendatzea zen, eta Martzilla eta Alesbesko bizilagunen uraren kalitatea babestea. Era berean, iritzi publikoaren eta gobernuen aurrean adierazi nahi genuen industria-ustiapeneko eredu horiek problematikoak, kutsatzaileak eta jasangaitzak direla. Eta orain prozesu judizial posible bati aurre egiteko beharrean aurkitzen gara, adiskidetze ekintza kalumniak eta irainak egin izanagatiko prozesu judizialaren atarikoa baita”.

Salatzen dutenez, beren ustez kolektiboak beldurtzeko ekimena da behitegiarena, “gure kolektiboak beldurtzeko eta abeltzaintza eredu horrek dakartzan ondorioak ezagutu ez daitezen. Hori ez da gauza berria, enpresa askok SLAPP izenez ezagutzen den estrategia horretara jotzen baitute, ekintzaileak, kazetariak edo ikerlariak salatzeko”. Babes juridiko sendoak eta bitarteko ugari dituzten enpresen helburua izaten da eragile txikiak mataza juridiko garestietan harrapatzea, haien ikerketa eta salaketetan atzera egin dezaten.

Elkarteak

Honakoak dira salaketa jaso duten elkarteak: Alnus, Marcilla Bizirik, Elikadura Burujabetzaren Batzarra, REAS Nafarroa, Asociación Hacendera, Hiru Erreen Konpainia, Lurra Elkartea, Ekologistak Martxan, Urbizi, Etxalde nekazari mugimendua, Greenpeace, Landare, Mugarik Gabe Nafarroa eta Sustrai Erakuntza Fundazioa.

Joan den larunbaten 200 bat lagunek elkarretaratzea egin zuen Iruñeko Sarasate Pasealekuan zitazioa salatzeko eta beren jarrerari eutsiko diotela adierazteko. Halaber, 1.600 pertsonak eta 162 taldek eskaini diete sostengua zitazioa jaso duten elkarteei. Asteazkeneko adiskidetze deialdian alde bakoitzak bereari eusten badio, Valle de Odieta enpresak prozesu judizialari ekingo dio.