Gainetik dabiltzan harrapariengandik ihes egiteko bizkarralde iluna dut, itsasoaren uretan ezkutatzeko. Bertako orban koloretsuek nire sardako kideen artean nahasteko balio dute (zebren modura). Nire sabelaldea, ordea, zurixka da, azpitik ikusten nautenek eguzkiaren argiarekin ni atzemateko zailtasunak izan ditzaten. Bikingo bat naiz, eta odolean daramat lurralde berriak ezagutzeko grina. Ederra bezain gogorra izanagatik ere, nire familiarena ez da bikingoen ohiko beste istorio soil bat...
Taldea: Ornoduna / Arraina.
Neurria: 30-40 cm.
Non bizi da? Ozeano Atlantikoko ipar-ekialdean. Euskal kostaldera otsailetik apirilera bitarte hurbiltzen da.
Zer jaten du? Zooplanktona (bereziki kopepodoak eta krill-a), eta aukerarik izatekotan, arrain txikiagoren bat.
Babes maila: Ez dago babestuta.
Kantauri itsasoaren erdian, hor nonbait, jaio nintzen arbaso zaharren etxean; udaberria aurrean, negu gorria atzean... Urte hartan amak ni bezalako beste 450.000 anai-arreba inguru errun zituen. Arrautza barruan ur-azalean jitoan astebete igaro eta berehala eman genituen lehen igeriketa-buztankadak, larba bihurtuta. Asko ginen, bai, baina asko ziren gainean genituen begiak ere. Arrain, marrazo, balea eta itsas-hegaztiek betidanik maitatu gaituzte, batez ere haien sabel barruan amaitzeko. Hori omen da, bizitzaren ondorengo onenera, hots, Valhalla-ra iristeko lehen modua. Nire anai-arreben gehiengoak garai hartan lortuko zuen bertara heltzea, ez baitut sekula haietako bakar bat ezagutu.
Bizkaiko Golkotik harago, irlandar eta eskoziar lehengusuak ditut, Itsaso Zeltan jaioak. Batzuetan gure taldea joaten gara bertara; bestetan, haiek datoz hegoaldera. Hala, gure komunitatea Ozeano Atlantikoan zehar zabaldu da. Laster, bi urte betetzean, jada heldutasuna lortu eta gorputza migrazio luzeetarako prest izango dut: indartsua, trinkoa, eta azkarra, bikingoen itsasontziak bezala. Kantauriar, irlandar nahiz eskoziar, gehienak Norvegiako Itsasora joango gara urtero, udako elikadura-migrazioan. Indartsuenen artean egonez gero, beharbada urrunago helduko naiz: Svalvard hegoalderaino, edo Islandiako hegoaldea zeharkatu eta Groenlandiako kostaldeak ezagutzeko parada izango dut. Itsaso horiek guztiek eskaintzen dituzten otorduek halako erronka merezi omen dute. Ia gaurik ez dagoen sasoi eta inguru haietan, zooplankton ugari metatzen da. Baina hainbeste argiren artean, bada alde ilunik ere… 6 gradutik gorako uretan mantendu beharko garenez, ur-azalean, sarda handietan, pilatuko gara, 40 metro baino sakonera handiagotan ura hotzegi baitago. Eta bilkura hau izaten da ezpalarten (orka) festarik gogokoena. Haiek agertzekotan, bi aukera baino ez ditugu izango: Valhalla, ala igeriketa eta zortea.
Patuak patu, udaren ostean Itsaso Zeltara edo Bizkaiko Golkora indartsu eta koipetsu itzultzea da benetako erronka, udaberrirako belaunaldi berriak sortzeko. Eta hori urtero eta denbora luzez egin ahal izatea. Garai batean aiton-amona asko ziren 15-18 urte eta 60 zentimetro ingurukoak; zenbat bidaia eta balentria haien bizitzetan! Azken hamarkadetan ordea, Odin jainkoaren esku egotetik urrun aurkitzen gara. Harraparien zerrendan azkena gehitu denak ez digu nahikoa zahartzen uzten eta gutxi dira 10 urtetik gorako aiton-amonak. Udaberrian sasoi laburra omen da gu harrapatzekoa, baina orduan desagertzen den ama bakoitzarekin milaka arrautza galtzen dira. Are gehiago, jada nonahi eta noiznahi dugu haren sareetan erortzeko aukera. Asko gara, eta indartsuak (harro herri!), baina ezer ez da betiko, are gutxiago zaintzen ez bada. Non geratu ote da Joxe Migelen batela?