500 valentziar inguruk eman du izena oraingoz, Vinaròsen egingo duten giza katean parte hartzeko. Acció Cultural del País Valencià (ACPV) eta Plataforma pel País Valencià (PPV) erakundeek antolatu dute ekitaldia irailaren 11n, 17:07an.
Katalunian baino minutu batzuk lehenago hasiko da valentziarren giza katea, 17:07an. Izan ere, Bartzelona defendatzeko ahaleginetan valentziarrek 1707ko apirilaren 25ean Almansan jasotako porrota gogorarazi nahi dute antolatzaileek. Vila-real, Castelló eta Valentziako jendeak eman du izena oraingoz Vinaròsen giza katea egiteko. Antolatzaileek milaka batzuk espero dituzte, nahiz eta irailaren 11 eta 17:07 ez den momenturik egokiena jendea animatzeko, lan egun eta ordua baita.
Antolatzaileen ustez, giza katearen bidez valentziarrek liskar artifizialak gainditu nahi dituzte eta hizkuntza, kultura eta garapena bultzatuko dituen Valentziar Herrialdearen alde egin. Herritarrek bestalde, Kataluniarekin batera egin nahi dute lan elkarbanatzen dituzten behar eta interesetan.