Directako bi kazetari eta Valentziako Etxebizitza Sindikatuko (SHV) militante bat 200 euroko isunarekin zigortu ditu Valentziako Udaltzaingoak, "galtzadan barna ibiltzeagatik oinezkoentzat arriskua sortuz edo zirkulazioa oztopatuz". Kazetariak txartel profesionalarekin identifikatuta zeuden eta alegazioak aurkeztu dizkiote Valentziako Udalari.
Joan den martxoaren 11n, Valentziako Etxebizitza Sindikatuak dei egin zien herritarrei eta komunikabideei Marià Cuber kaleko 40. zenbakian abandonatutako eraikin bat berreskuratuko zutela jakinarazteko. Egun horretan, sei pertsona (lau ekintzaile eta Directako bi kazetari) identifikatu eta administrazio-zehapen bat jartzeko proposamenak egin zituen Valentziako Udaltzaingoak, Directak jakinarazi duenez.
Bi kazetariak identifikatuta zeuden beren txartel profesionalarekin, eta argazkiak ateratzen eta informazio bilketa egiten ari zirela azaldu zuten. Hala ere, Udaltzaingoak haien datuak jaso zituen. Aldez aurretik ezer esan gabe, jakinarazi zien isuna jarriko zietela "zirkulazioa oztopatzeagatik". Hilabete eta erdi geroago, bi kazetariek eta Valentziako Etxebizitza Sindikatuko ekintzaile batek 200 euroko isuna jaso dute.
Kazetarien elkartearen salaketa
Unió de Periodistes Valencians-ek Directari ziurtatu dio Udalarekin harremanetan jarri zirela isunak kentzea eskatzeko. Vicent Marco elkarteko lehendakariak adierazi du isunak "ez zuela inoiz aurkeztu behar eta are gutxiago aurrera egin". Gaineratu duenez, "informatzea ekiditeko eta beldurra sortzeko ekintza dirudi".