argia.eus
INPRIMATU
Valentziako Canal 9 itxi du poliziak “hau estatu kolpea da” oihuen artean
  • Valentziako telebista publikoa bart gauetik egiten ari zen emisioa eten egin du Espainiako Poliziak. RTVVren itxieraren kontrako protesta gisa, bat bateko programazioa egin dute eguerdira arte bertako kazetari ohiek.

ARGIA @argia 2013ko azaroaren 29a
RTVVko langileak protestan ezkerrean, Espainiako polizia eskuinean seinalea mozten.

Babes zabala

Ehunka langile, politikari eta pertsona ospetsuk Valentziako RTVVren egoitza nagusia hartu dute bart gauean. Atzo onartutako ezohiko dekretuaren ondorioz, betiko ixtekoak zirela susmatuta sartu zen jende oldea eta gauean gertatutakoa emititu dute.

Gauerdirako ordu laurdena falta zela, ohiz kanpoko dekretu baten bidez Valentziako irrati-telebista publikoak betiko mututzea zen helburua. Polizia hedabideetako hainbat egoitzatan pilatu zenez, emisioak bart etengo zirela uste zuten.

Alabaina, ehunka lagun bildu zen emisio gune nagusian, Burjassoten, eta poliziak sarrera debekatu bazien ere, diputatu bat pasatzeko atea ireki zela baliatuz ehunka langile, politikari eta pertsona ezagun sartu zen barrura.

Programa berezia

Langileek programa berezia egin dute eta gaueko gertaera nagusiak kontatu dituzte. Bitxia da ikustea nola kazetariak korridorean harrapatutako gizon bati galdeketa egiten dion. Zein den galdetzen dio eta azkenean kazetariak atera duen ondorioa da telebista emisioa etetera bidali duten teknikaria dela. Poliziak gela batean ezkutatu du.

Goizeko bostak aldean enpresa batzordeko lehendakari Vicent Mifsudi deitu dio polizia buruak, telebista itxi behar zutela esateko. Mifsudek erantzun dio langileek ez dutela itxiko.

Hala ere, irratiko emisioa moztea lortu dute eta musika baino ez da ari emititzen. Bart gaueko gertaera nagusien bideoak eta zuzenean emititzen ari direna Vilaweben.

Hemen RTVVk emititu duen azken minutua.