Asteazkenarekin erabaki dute Valentziako Gorteek telebista eta irrati kate publikoa ixtea. Erabakia aldez aurretik iragarrita zegoen: PPk itxieraren alde bozkatuko zuela jakina zen.
Alberto Fabra presidenteak argi utzi du ez dagoela “inongo aukerarik” hedabideak aurrera jarraitzeko. “Bideragarria izan zedin saiatu ginen, baina ez genuen lortu. Lehentasunak jarri behar izan ditugu, eta RTVV kentzea erabaki dugu”.
Era horretan, Valentziako Telebistaren itxiera eragotzi daitekeela dioten ahotsak isilarazi nahi ditu. Izan ere, enpresa batzordeak hedabideak bere jardunean jarraitzeko zenbait proposamen ekonomiko aurkeztu dizkio. Fabrá, baina, ezezkoan dago. Eta Valentziako Generalitateak enpresa batzordearen txostena atzera bota du.
Langileek salatu dute arrazoi politikoengatik itxiko dutela katea, ez ekonomikoengatik. Haien arabera, telebista eta irrati katea “guztiz bideragarria” da.
Langileen plana
Enpresa batzordearen txostenak hainbat neurri proposatzen ditu. Besteak beste, soldatak jaistea, langile kopurua gutxitzea, eta emisio kostuak murriztea. Hala, “RTVVrekin jarraitzeak, erregulazio espedienteak izan duen kostu bera izango luke”.