argia.eus
INPRIMATU
Valentziako administrazioak gazteleraz egin behar die Katalunia eta Balear Uharteetakoei, dio Espainiako Gobernuak
  • Espainiako Estatu abokatutzaren ustez, katalanaren batasuna “gertaera akademikoa” baino ez da eta legean oinarrituta ez dagoenez, Valentziako Gobernua beste administrazio katalanei gazteleraz baino ezin zaie zuzendu.

ARGIA @argia 2019ko urriaren 03a

Abokatutzak bere arrazoibidea defendatzeko Valentziako Estatut-eko terminologia jartzen du aitzakia gisa. Hala, partekatzen duten hizkuntza “valentziarra” dela dio lurralde hartako estatutuak eta ez “katalana”, eta beraz ez du katalana erabiltzen duten beste erkidegoekin katalanez harremanak izateko aukerarik, honen esanetan.

Ara.cat egunkariak Estatu abokatutzak Valentziako Justizia Auzitegi Nagusiari emandako idatziaren berri izan du. Idatzi horretan, Espainiako Gobernuak ez du aintzat hartzen Espainiako Konstituzio Auzitegiak emandako epai bat, valentziarra eta katalana berdinak direla esanez, “unibertsitate autonomiaren perimetroa” ez duelako gainditzen Konstituzionalaren pronuntziamenduak, Estatu abokatutzak dioenez.

Afera duela urtebetetik dago Auzitegi Nagusian; valentziarra “lehentasunezko” hizkuntza zela esaten zuen dekretua bertan behera utzi zuen honek, eta horren kontra elegitea jarri dute Valentziako Intersindikalak eta Valentziako Kontseiluak.

Valentziako hizkuntza elkarteek gogor kritikatu dute Abokatutzaren jarrera hori. Escola Valenciana Hizkuntzaren Aldeko Elkarteen Federazioko presidenteak, Natxo Badenesek, azaldu du egitate zientifiko guztiek garbi uzten dutela hizkuntza batasuna eta “valentziarra, Valentzian hitz egiten dugun katalana" dela.