argia.eus
INPRIMATU
Hiru sindikatuk adostu dute Valentziako 190.000 funtzionariori katalanez jakiteko eskatzea
  • Lanpostu bakoitzerako eskatuko den katalan mailaren inguruan (valentziera haien esanetan) negoziatuko dutela azaldu dute Intersindical, CCOO eta UGT sindikatuek. Horrez gain, Valentziako Generalitateari eskatu diote katalan ikasketak bermatzeko.

Ainhoa Bretos @ob_ainhoa 2016ko abenduaren 28a

Hiruren artean adostutako akordioa aurkeztu dute asteartean, katalanaren ezagutza eta erabilera sustatzeko helburuarekin. Izan ere, Antonio Ariño Valentziako Unibertsitateko errektoreordeak azaldu duenez, Autonomia Estatutuaren 6.5 artikuluak ezartzen du katalanaren berreskurapenari babes berezia emango zaiola.

Hizkuntzaren normalizazioan, hitzarmenak inflexio puntua ekarriko duela esan du Vicent Mauri Intersindicaleko idazkari nagusiak. Sindikatuek hizkuntz gaitasunari buruzko akordio bat adosten duten lehenengo aldia dela gaineratu du, eta hori aplikatzeak 190.000 langilerengan izango duela eragina.

Azaldu dutenez, gobernuak beharrezko neurriak jartzen baditu, hurrengo urtean jarriko dute legea indarrean. Horrez gain, funtzionarioei oinarrizko katalan maila eskatuko zaiela esan du Ferrán Puchades Valentziako Generalitateko Justizia idazkariak, bereziki hiritarrekin harremanetan dauden langileei.