“Oso antzinatik datorren ohitura da buruxka-biltzearena, garai batean familia txiroetako emakumeek eta umeek egiten zuten batik bat”. Elena Cerceda Payret Buruxka proiektuko koordinatzailearen hitzak dira. Baina zer da zehazki buruxka-biltzea? Gazteleraz espigamiento esaten diotena, hitz motzean, nekazariek uzta jasotzerakoan bildu gabe utzi dituzten barazki eta fruituak jasotzea da. Uztako "soberakinak" lirateke buruxkak edo galburuak, eta Herrialde Katalanetan eta beste zenbait lekutan horiek aprobetxatzeko martxan dauden egitasmoak eredutzat hartuta, 2020an Lizarraldeko Deierri bailaran Buruxka proiektu pilotua abiatu dute.
“Barazki eta fruituak jaso gabe gelditzeko arrazoi desberdinak egon daitezke: hartzeko zailak direlako, itsusiak direlako, estandarretatik kanpo daudelako, merkatutik kanpo gelditu direlako…”, dio koordinatzaileak. Nafarroan Tuterako "tomate itsusia" zein preziatua den ikusita, kuriosoa da ezaugarri estetikoek hainbesteko garrantzia izatea gainontzeko barazkietan. Proiektuko kideak argitu duenez, ekoizpen txiki eta eta ekologikoetan galerak askoz txikiagoak dira, baina galkorrak diren produktuen eta azalera handiagoa duten ekoizpenetan %25 edo %30 ingurukoak direla ondorioztatu dute osatu duten txostenean.
Galera horiei buelta emateko, boluntarioekin auzolanak antolatzen ditu Buruxka proiektuak, eta Deierriko ekoizleen "soberakinak" jasotzea eta gizarte-erakundeei banatzea da haien lana. Ekainean, esaterako, Leringo gerezi ekoizpen batean aritu dira. “Sentsibilizaziorako garrantzitsuak dira buruxka-bilketak, izan ere, boluntarioek elikagaien galeraren inguruan hausnartzen dute eta nekazarien lana baloratzeko ere balio dute”, dio Cercedak. 2020an, 76 lagun aritu ziren bolondres, eta guztira 2.800 kilo elikagai bildu zituzten: tipula, mahatsa, piperra, almendra, sagarra eta borraja.
Deierriko Udalak, Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta INTIA Elikagaien Teknologien eta Azpiegituren Nafarroako Institutuak elkarlanean abiatutako proiektua da Buruxka. Momentuz, eskualdeko zazpi ekoizlek egin dute bat egitasmoarekin, eta banatutako elikagaiak 400 familia baino gehiagotara iritsi dira. “Elikagai freskoak eskuratzeko zailtasunak izaten dituzte elikagaien banaketa egiten duten gizarte-erakundeek normalean, eta horregatik, garrantzitsua da haientzat gure ekarpena”, dio Cercedak. Karitate ikuspegitik baino, kalitatezko elikagaiak eskuratzeko eskubidea guztiona izan dadin egiten dute lan.
Proiektu pilotua abenduan bukatuko da, baina udalak ekonomia sozial eta solidarioko enpresa bat sortu nahi du orain elikagaien xahuketari aurre egiten jarraitzeko. “Galkorrak diren elikagaiak eraldatzeko eta haien bizia luzatzeko asmoz probak egiten ari gara, NUPekin elkarlanean”, azaldu du Cercedak. Mahatsarekin, tomatearekin, azenarioarekin eta borrajarekin marmeladak eta kremak egiten hastea da ideia.