Uztartu: euskal uzta batu


2024ko apirilaren 24an - 14:25

Bagare, bagera, bagire, bagara anitzak, oparoak eta ahaldunduak, euskal sena, ekimena eta garra uztarturik, zinez, Euskal Herriak hauspotzeko.

Oraintsu jakin dugu Gaindegia euskal behatokiak bere jarduerari ekin diola berriz. Aurreko etapako lurraldea, gizartea eta ekonomia ikerketa zutabeei ingurumena ere gehitu die. Ongietorri beroa eman behar zaio Euskal Herriaren begiratoki eder horri.

Lagin bikain horri beste hamaika adibide gehi dakioke euskal lurraldeetan, habe historiko zein egunerokotasunaren jardutearen erakusgarri: Eusko Ikaskuntza, Euskaltzaindia, Ikastolen Elkartea, Udako Euskal Unibertsitatea, Bertsozale Elkartea eta, oraintsu, Mugimendu Feministak sorturiko Talaia Feminista. Aipamen berezia merezi du baita Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokak ere.

Lurraldeak aipatzen direnean espazioak edo paisaiak nahiz komunitateak adierazi genitzake, izan ere, errealitate geografiko edo bio-fisikoetatik eta giza-talde banakakoetatik haratago baitoaz, horiek ere izan badira, jakina.

Euskaldun izatea (zentzu zabal-zabalean), sentimendua, sormena, euskalduntasuna edota euskal sen horrek sortzen duen emozioa eta ekimen oro dira oinarri, sustagarri, onuragarri.

Egun euskal ekosistema arlo askotan zatikatuta dago. Sarri atalak banaka edo birrinduta agertzen zaizkigu, horiek ikusteko gaitasunik baldin badugu.

Egun euskal ekosistema arlo askotan zatikatuta dago. Sarri atalak banaka edo birrinduta agertzen zaizkigu, horiek ikusteko gaitasunik baldin badugu

Zenbat gara? Bat, lau, hiru, bost, zazpi? Begirada hunkitua urrutirago badoa, zortzi? (Baigorriko Etxauzia gazteluko euskal diasporaren lurraldea gauzatzen bada). Ala hamaika, habitat eta espazio birtual sakabanatuan!

Zenbat euskal herritar gara? Bi milioi, hiru milioi, bost… zenbat?

Euskara ama hizkuntza berea duten zazpi lurraldeetatik hasi, egungo migrazio kolektiboetara pasa eta diasporako euskal herritar banakakoak, komunitateak eta zentroak aintzat izanik, euskara, euskal sena, sormena, eta Euskal Herriarekiko maitasuna munduan zehar presente dago. Horiek guztiak partaide biziak, dinamikoak zein eraikitzaileak dira; euskal izaeraren egileak. Zergatik ez dira munduan egitate bakar bezala agertzen –Korrikan bezala–, dibertsitatean baina batasunean? Euskal Herriak hor dira.

Arte sortzaileen elkarteak, bertso eskolak, euskaltegiak, nekazaritza eta artisau azokak, kluster, kooperatiba eta zentro teknologikoak, auzolana, gazte ekimenak, feminismoak, nagusien mugimenduak, natura zaleak, ekologisten sareak, energia komunitateak, talde bake zaleak, internazionalistak, sare sozialak, auzo eta eskualde batzarrak, Batzar Nagusiak, Biltzarrak… behatokiak.

Euskal pieza horiek espazio komun berean ager litezke, libreki, bere izaera kontzeptuala, korporatiboa, gorpuztua zein multimedia bada ere. Euskal corpusari nolabaiteko izena(k), itxura, forma, tankera eman behar zaio elkarlanean. Izanak izena izan ahal du; izena duenak izana du.

Izan ere, euskaldun izateaz gain, zalantzarik ez dago uzta ugaria dagoena euskal biosferan zehar, materiala zein ez materiala. Guztiak ikuskatu, bere tokia eman, espazio komunak sortu, bildu eta, azken urratsean, antola eta hedatu litezke.

Euskal Herria, hau da, bere jendartea, ondasuna, oparotasuna, eskuzabaltasuna eta solidaritatea, nahi izanez gero, uztartu, batu, suspertu, ahaldundu eta zabaldu egin daitezke.

Xabier Arana Eiguren, Biologia Zientzietan lizentziatua

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude