argia.eus
INPRIMATU
Uztaritzeko kaskarotetan emakumeek ere parte hartu dute lehen aldiz
  • Otsailaren 4an Baionan izan dira, eta asteburu honetan Uztaritzen arituko dira.

Irati Irazusta Jauregi 2023ko otsailaren 07a
Emakumeak lehen aldiz kaskarotetan, Baionan (Argazkia: Eric Lassalle)

Uztaritzeko kaskaroten taldean emakume eta gizonek hartu dute parte estreinakoz pasa den larunbatean, Baionan, dantzan.eus-ek jakinarazi duenez.  Datozen asteburuetan, berriz, Uztaritzen arituko dira. Otsailaren 11n eta 12an Arruntza eta Heraitze auzoetan, eta otsailaren 19an Uztaritzen bertan.

Uztaritzeko Izartxo dantza taldeko kideak ateratzen dira dantzan kaskarotetan. Orain arte urtean zehar dantza taldea emakume zein gizonek osatzen zuten, baina inauterietan gizonek bakarrik egiten zuten dantza. Taldekideek, neska zein mutilek, inauterietan ere guztiak elkarrekin atera nahi zutela adierazi zuten. Horrela, proiektu bat garatu dute aldaketak egiteko.

Nesken parte hartzearekin dantzarien kopurua bikoiztu egin denez, bi ibilbide egingo dituzte aldi berean, auzoka banatuta. Horri esker, orain arte iritsi ez diren auzoetara iritsiko dira, Zokorrondora (Uztaritze), esaterako. Gainera, taldea bitan banatu dutenez, musikari gehiagoren beharra dute, eta lehen dantza taldean ibilitako batzuk musikari gisa hartu dute parte aurten. Azkenik, neskentzako jantzi propioak sortu dituzte.