argia.eus
INPRIMATU
Dimisioa euskaraz aurkezteagatik ez diete berau onartu Uztaritzeko hautetsiei
  • Apirilean Uztaritzeko bost hautetsi abertzalek herriko kontseilutik dimititu zuten, baina Pirinio Atlantikoetako prefetak ez ditu dimisioak onartu, euskaraz zeudelako. Bruno Karrere Uztaritzeko auzapezak hurrengo herri kontseilurako gonbita luzatu die hautetsiei, baina dimisioa aurkeztu dute berriz ere.

     

ARGIA @argia 2019ko maiatzaren 22a
Uztaritzeko herriko etxea. Argazkia: Euskal Irratiak

Hautetsi abertzaleek Bruno Karrere auzapezak gidatzen duen gobernu taldeari “demokrazia eta gardentasun falta” leporatu zioten, batetik; herriko kontseiluetan euskara hutsean aritu ahal izatea aldarrikatu zuten, bestetik. Auzapezari helarazitako dimisio gutun batekin formalizatu zuten haien erabakia.

Euskara nahasgarria omen

Uztaritzeko auzapezak, ordea, maiatzaren 23ko herri kontseilura agertzeko gonbita luzatu die eskutitz bidez bost hautetsiei. Auzapezak azaltzen die euren dimisio gutuna Eric Spitz Pirinio Atlantikoetako prefetari igorri ziola. Prefetak erantzun dio dimisioak, onartuak izateko, “nahaskeriarik gabekoak” izan behar dutela. Dimisio gutunek ez dute baldintza hori betetzen prefetaren irudiko, ez baitaude frantsesera itzuliak.

Bost hautetsiek Karrereren ekinbidea kritikatu dute. Haien esanetan auzapezaren eskumena da dimisioak onartzea, prefetaren oniritziaren beharrik gabe: “Prefetari iritzia eskatu diozu behartua izan gabe, gure erabakia kontuan hartzea zure esku baita. Gainera, gure dimisioei buruz dudak izanez gero, horien berrespena eskatzen ahal zenigun ahoz edo idatziz”, Berriak jaso duenez. Auzapezari dimisio gutuna berriz ere bidali diotela jakinarazi dute hautetsi abertzaleek.