argia.eus
INPRIMATU
Barra warroak |
Uztarik ez uztailean

Behe Banda 2024ko uztailaren 08a
Irudia: Behe Banda

Norabide bertikalean ematen dira karga transmisioak. Zamak eutsi eta zutabeetan barrena goitik behera doaz esfortzu denak, orubean zendu egiten diren arte. Ezinezkoa da hori ekiditea, masak berak eragiten duen atrakzioaren emaitza da. Baldin badago, eroriko da. Pertsonok ere, imitazioz edo, badugu joera ikasitakoak irakasteko, nahitaezean, eta grabitatea ez da oraingoan aitzakia.

Hasi berri dagoen udarako ariketa bezala xede ugari ezarri ditut: gidabaimena atera, lan egin, idatzi, Behe Bandaren enegarren alea antolatu… Bien bitartean, ohean etzateko gogoa besterik ez. Sabaia ortzi-mugan, horizontaltasunaren laudorio. Barruan ezinegona, ezer egiten ez dudala justifikatzeko txiribuelta argumentala. Siesta, ansietatea eta afaltzera. Bihar bai, agendan betebehar bat ezabatuko dut.

Inbertsio galanta egin dut egunotan nire kulpa puzten, akzioak etengabe ari dira garestitzen. IBEX 35-a itzel handitu da, interesak dagoeneko ordaintzen ari naiz. Egunean zortzi orduz buruhausteak ekoiztea ez da lan makala, lan-hitzarmenik ez duen arren. Produktibitatearen diktadurapean ezin potro-jorran ibili errudun sentitu gabe. Baina ni ez naiz kristaua.

Produzitzeari uztearen aldeko aldarria da hau, bekatu kapitalen bingoa irabaztearen aldekoa

Ezin asmatu noiz sentitu nintzen lehen aldiz errudun, nork irakatsi zidan, nola aurre egin. Ezin konfesatokian belauniko jarri. Inoiz mezara joan ez den belaunaldiaren parte izateak badu bere xarma, moralaren pisu guztia soinean eraman, bakea topatzerik ez, ordea. Infernura bai, baina bizikletan.

Beroketa globala, etxebizitzen prezioen igoera, turistifikazioa… azken aldian den-dena ei da gazteon erantzukizuna. Hori ere bada auzi potoloa, erruaz ez eta erantzukizunaz mintzatzea, hiztegiko bilaketa azkar batek errotuta dugun hori dena irauliko balu bezala. Birziklatzea, banbuzko hortz eskuila eta erantzukizuna terminoa erabiltzea; sua amatatzeko listua botatzea.

Usteltzen hasiak diren orduetatik dirua ateratzeko obsesioa da egungo marka. Aprobetxamenduaren filosofia saihetsetan zizelkatua, aisialdiarekin kroketak egitea ezer ez dadin zaborretara joan. Xahutzen den segundo bakoitzeko bi zartadako.

Produkzioa hezur muinetan izatea modan jarri da aspaldi. Goizeko bostetan esnatu, ehun eta bi burpee egin, hamabi orduz lan eta lo hartu, bihar akaso aberats esnatzeko. Meritokraziaren mitologiako lamia eta tartaloak. Kafeak ipintzen egunak pasatzea eta oinordetzan enpresa jasotzea, magia baino askoz gehiago behar izango duzue.

Eraikinen zutabeen antzera, gainean jarri dizkiguten zamak larregizkoak direlako gilbordura pairatzen hasiak gara. Produzitzeari uztearen aldeko aldarria da hau, bekatu kapitalen bingoa irabaztearen aldekoa. Eta zorte pixka batekin, errua ere gazteokin batera zenduko da.