Larrubizirik dagoen mutil gazte batek landatu behar du maiatzaren lehenean egunsentiaren aurretik. Hala diote Europa iparraldean, eta bai, kuiak (Cucurbita spp.), era guztietako kuiak dira orduan landatzekoak. Esaerak dio maiatzean noiznahi landa daitezkeela; tokiaren arabera behin izotzaren beldurra joan eta gero. Nik esango nuke elorri zuria (Crataegus monogyna) loratu ondoren.
Jai handia da maiatzaren lehena. Nekazari langileen eguna izateaz gain, zentzumenen uda handiari atea irekitzen dio. Egun horrekin Bealtaine jaia ospatzen da herri zeltikoetan, ezaguna batik bat Irlandan. Artzainen udaren hasiera markatzen du, azienda udako larreetara eraman zitekeen hortik atzera.
Geurean ere halaxe izan ohi da. Ez dugu, nire ustez, zeltikoen tankerako jaiegun berezirik, baina goi mendietako udako larreen irekiera ospatzen da maiatzaren lehenarekin. Atzera azienda larri eta xehe, denetatik ikusiko dugu larre publikoetan bazkatzen. Artzainek diotenez, hasiera horretan jandako lehen belar horrek eta goi mendietako giroak egiten omen dituzte ardi gaztarik onenak.
Maiatzak nekazariaren zaindariaren eguna ere badakar, 15a, sanisidroak. Itxuraz santututako Isidro izeneko nekazari mozarabiar bati zor zaio. Urarekin emanartu berezia behar zuen izan: ur-aztia zen, hau da, ura topatzeko zuloa non egin behar zen asmatzen zuen, putzugilea eta batez ere eurigilea. Gerora azken horri zor zaio nekazariek dioten gurtza. Uztetarako ur eskean egingo diren errogatiba gehienak berari eske egiten zaizkio. Ugariak dira gure herrian santutu zuten horri eskainitako ermitak: Arasen, Anueko Burutainen, Zeanurin, Zornotzako Garaitondon, Mutrikuko Olatzen, Getariako Meagasen, Oñatiko Otaduin, Kasedan, Arrasateko Musakolan, Balmasedako Pandozalesen, Eltzaburun eta abar seguru luze bat. Bi aipatzekotan, lehena Errezilgo Erdoiztakoa toki paregabean dago, eta zeharo borobila da, Pedro Manuel Ugartemendia arkitekto andoaindarraren gidaritzapean 1808an eraikia. Paisaia berezia, neurri izugarriko elorri zuriz (Crataegus monogyna) inguratua, horien loraldiak udaberria ederki markatzeko. Bigarrena Deikazteluko partekoa, Allotik Sesmarako bide inguruko soro artean, aspaldi abandonatua eta itxuraz barrualdea pertsona eta animalientzako aterpe gisa erabiltzen da egun. Soro artean dabiltzan pertsona eta aziendentzako aterpe, zer laguntza hobe eman dezake nekazarien santuak?
Maiatza maiatzarekin hasten da. Maiatza herri gutxi batzuetan gordetzen den ohitura zahar bat da. Herriko kintoek mendian aurkitzen duten zuhaitz lizar edo tantai luze eta zuzenena moztu, adarrak kendu, zuritu eta herriko plazara eramaten dute. Han muturrean lore sorta bat eta abar eransten zaizkio eta nola hala, ikaragarrizko teknika zehatzarekin zutitu eta eusten da. Egiten den herrietan ikaragarrizko jaia da. Nafarroan ezagutzen dut nik: Iturmendi, Etxarri Aranatz, Bakaiku, San Martin, Larraona, Zudaire, Murieta, Barillas eta abar. Aurten bereziki ezaguna egin da Bakaikuko gazteek Arzabalgo mendi tontorrean jaso duten maiatza. Bideo ikusgarri bat osatu dute, eta gogotik ibili da telefonoz telefono, barra-barra. Maiatzean ereingo diren uztak babestuko dituela uste dute; Bakaikukoa pagoa (Fagus sylvatica) da, baina makala (Populus nigra), ler gorria (Pinus sylvestris), sahatsa (Salix spp.) eta abar ere erabiltzen dira.
Maiatza gurtzan, uztaren itxaropena, eta gazteak landatzen eta eraitsitako zuhaitzak zutitzen.