Espainiako Gobernuan oraindik mahai gainean dago udan ikastetxeak zailtasunak dituzten ikasleentzat zabalik izateko aukera. Steilas sindikatuak arrakala ez dela oraingoa oroitarazi du, eta horri aurre egiteko zera eskatu du: "Sakoneko aldaketa estrukturalak eta inbertsio sendoa behar dira, eta ez bat bateko okurrentziak".
Apirilaren 15ean iragarri du Espainiako Gobernuak zer forma emango dion aurtengo ikasturte amaierari. Tartean dago udako oporraldietan ikastetxeak irekita izateko aukera. Irakaskuntzako Steilas sindikatuak zera adierazi du aukera horren inguruan: "Uztailean ikastetxeak irekitzeak ez du ezer bermatzen arrakala gainditzea eta kontrakoa ere ekar dezake. Ikasle askoren gehiegizko nekea, opor garaia galtzearen sentsazio etsigarria… Sakoneko aldaketa estrukturalak eta inbertsio sendoa behar dira orain, bat-batean, zenbaitek ikusi duten arrakala hori gainditzeko, eta ez bat bateko okurrentziak".
Nabarmendu du segregazioa ez dela koronabirusaren ondorio: "Segregazio egoerak ez dira berriak. Arrakala ez da berria eta handituz doa. Pandemia egoerak hezkuntza-emergentziazko egoera azaleratu eta areagotu besterik ez du egin. Hamarkadak daramatzagu arrakala nola handitzen den ikusten agintariek beste aldera begiratzen zuten bitartean".
Steilasek neurri hauek proposatu ditu ikasturte hau "egoki" amaitu eta hurrengoari ekiteko.