argia.eus
INPRIMATU
Uztailean izango da EHZ jaialdia
  • Joan den urtean bertan behera utzi behar izan zuten,eta aurten osasun neurrietara egokitutako jaialdia prestatzen ari dira. Uztailaren 2, 3, eta 4an izango da. Lekurik ez dute zehaztu oraindik.

ARGIA @argia 2021eko martxoaren 01a

EHZ festibalak 25 urte beteko ditu aurten. 1996an egin zuten lehen aldiz, Arrosan. Hori dela-eta, urteurrena ospatzeko lanetan ari da festibala antolatzen duen lantaldea. Gorabeherak izan ditu festibalak azken urteetan, baina talde berri batek hartu zuen orain dela bi urte antolatzeko ardura, eta berriz ere martxa hartu zuen. Iaz, ordea. bertan behera utzi behar izan zuten jaialdia, osasun egoera dela-eta ezarritako neurriengatik.

Kazeta.eus hedabideak argitaratu duenez, oraindik ere festibala egiteko leku egokienaren bila ari da EHZ antolatzen duen elkartea. Izan ere, muga nabarmenak izango ditu jaialdiak. Batetik, 5.000 lagunek parte hartu ahal izango dute gehienez, eta, bestetik, kontzertu eta ekitaldi guztietan ikusleak eserita egon beharko dira. Kanpalekua jarri eta janaria eskaini ahal izango duten ere ez dakite oraingoz. Guneak garbitzeko eta musukoak eta eskuak garbitzeko gela banatzeko lantaldeak egongo dira.

Ohi bezala, kontzertuak, antzerkiak eta eztabaidak egingo dira, baina oraindik ez dute egitaraua iragarri, lantzen ari baitira. Oraingoz, dataren berri eman dute: uztailaren 2, 3 eta 4an izango da EHZ festibala.