EHUko fakultateak, ikastetxeak eta Barakaldoko BEC eraikina baliatuko dira Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioaren (USE) azterketak egiteko. Lehendabiziko deialdia uztailaren 6, 7 eta 8an gauzatuko da. Bigarrena, aldiz, hilaren 20, 21 eta 22an. Hezkuntza esparruko eragile ugarik euren aldarrikapenak plazaratu dituzte azterketaren baldintzei dagokionez.
Euskal Herriko Unibertsitateak informatu duenez, uztailaren hasieran ekingo diote ikasleek selektibitateko frogei. Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioaren (USE) azterketaren ohiko deialdia uztailaren 6, 7 eta 8an izango da. Ezohiko froga, aldiz, hilaren 20, 21 eta 22an gauzatuko da. EHUren fakultateak, bigarren hezkuntzako hainbat hezigune eta Barakaldoko BEC zentroa izango dira azterketarako prestatuko dituzten guneak.
EHUren hitzetan, “azterketa berrantolatzeko lanetan” aritu dira azken hilabeteotan. “Mugikortasuna eta pertsonen arteko distantzia” izan dituzte prebentzio eta segurtasun neurrien afera nagusi. Horregatik, proba aurrera eramateko protokoloa luzatuko die unibertsitateak ikastetxeei. Hala nola, maskararen erabilpena eta segurtasun distantziak errespetatzea. Bertaratzen diren guztiek eskuak urarekin eta xaboiarekin edota bertan eskainiko den gel hidroalkoholikoz garbitu beharko dituztela ere ohartarazi dute.
Edukiari lotuta, ikasturte hasieran ezarritako ereduak, orientabideak eta ebaluazio eta zuzenketa irizpideak mantentzen badira ere, azterketak “berregituratu” egin direla eman du aditzera EHUk. Horrek bi helbururi erantzuten diola dio unibertsitateak: “azterketa malgutzea” eta “aukera berdintasuna bermatzea”. Berregituraketa horrek azterketa bakoitzaren “hautazkotasuna handitzea” suposatuko omen duela jakinarazi dute.
Eragileen eskakizunak
Gora Ikasleon Borroka, LAB, Steilas, FeSP UGT, Sortzen, Ikastolen Elkartea eta Euskal Eskola Publikoaren Aldeko Plataformak administrazioari “aldebakartasunez” jokatzea eta ikasle ugari "ezjakintasun eta informazio faltan” uztea egotzi diote. Azterketa “baldintza duinetan” egitea aldarrikatu dute manifestu bateratuan. Birusaren aurrean “segurtasuna” eta ebaluazioari begira “aukera berdintasuna” eskatu dute ikasleentzat. Ikasle Abertzaleek, bere aldetik, joan den apiriletik aldarrikatu dute "ohiko selektibitate eredua bertan behera geratzea”, hots, “ikasleei erraztasunak emango dizkien ebaluazio modua aplikatzea”. Honakoak izan dira egin dituzten eskakizun zehatzak: "daten aurrerapena", "ikasle guztiek klase presentzialetan emandako edukiarekin egitea" eta "azterketa presentziala izatea".