argia.eus
INPRIMATU
“Uztailaren 26rako hitzordua lortu du Seaskak, baina hitza ez da aski”
  • Hendaiako Ikastolak eraikin berri baten premia gorria dauka. Azken urteetan 200 bat ikasleak geletan ezin egokituz ari dira lanean. Azken sei hilabetetan, tokian tokiko hainbat manifestazio egin dute Iparraldeko ikastolek. Azkena, Baionan. Seaskako 30 gurasok eta irakaslek Baionako Alderdi Sozialistaren (PS) egoitza okupatu dute berriki. Iragan ostegunetik bertan daude, gau eta egun. Peio Urriza Hendaiako Gure Ikastolako zuzendaria da joan deneko 5 urteetan. 25 urte daramatza irakasle Seaskan. Berarekin mintzatu gara azken gertakarien karietara.

Mikel Asurmendi @masurmendi 2013ko uztailaren 06a

Ostegun arratsaldean, Seaskako 30 gurasok eta irakaslek okupatu zuten Baionako Alderdi Sozialistaren (PS) egoitza. Ikastolen finantzazioaren aferari irtenbidea bilatzea dute helburu. Azken urratsa izan da, urrats irmoa, ageri denez. Emaguzu azken ekimen honen nondik norakoa?

Hendaiako Herriko Etxearekin daramatzagun negoziaketetan beti dago Seaskako bulego nagusiko kide bat. Afera honetan, Egoitzak taldeko partaide bat aritu da gurekin Ikastolaren proiektua mamitzeko eta zehazteko. Ikastola berriaren zoruak, paretak, haien koloreak… ikasle, irakasle, guraso, laguntzaile, baita Egoitzak taldearekin deliberatu ditugu. Seaskako Ur Gorostiaga zuzendariaz gain, negoziaketa politikoak izan direnean, Paxkal Indo presidentea ere egon da. Gure Ikastola kinka larrian dago, ikasle, irakasle eta gurasoak ere bai. Herriko Etxeak azken bozketa egin ondoren, Ikastola berria egiteko deliberoa hartu zuen, baina suprefetak ukatu du berau egitea. Baionako azken manifestazioa egin ondoren, PSko egoitza hartzea erabaki dugu. 

Zein da PSko ordezkariekin ukan duzuen harremana azken egunetan?

Harremanak bereziki PSko bi diputatuekin [Sylviane Alaux,  Colette Capdevielle] ukan ditugu. Baina erran behar da, PSn diferentziak daudela, Frédérique Espagnac senataria eta Colette Capdevielleren artean bereziki, kalapitak dituzte beraien artean. Lurralde Elkargoaren afera dela eta, Manuel Valls barne ministroaren jarrera tarteko. Valls oso gogor jokatzen ari da. Capdevielle saiatzen da, bai afera horretan bai orain PSko egoitzaren okupazioari irtenbide bat atzemateko. 

Adierazi duzuenez, egoitzan daudenak ez dira irtengo Hollande presidentearekin edo Peillon hezkuntza ministroarekin hitzordu bat lortu arte. Anartean, zein izan da zuen jokamoldea edota eskakizuna?

PSko diputatu eta parlamentariekin hainbat saiakera egin dugu hasteko. Lehenik eta behin, euskara legearen bidean sartzeko eskaera egin dugu. Azkeneko eskakizuna, Europako Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Karta berresteko ahalegina eskatu diegu. Bestalde, Peillon hezkuntza ministroari k Falloux Legea bertan behera uztea ere eskatu diogu, eta haren ordezko lege bat egitea. Beste saiakera bat izan da ere, legedian lerro bat sartzea Herriko Etxeek askatasun ukan dezaten diru publikoarekin egoitza pribatuak erakin ahal izateko. Lerro txiki bat besterik ez da. Ez dugu Karta edo legea aldatzea eskatu jada, ezta Falloux legea kentzea ere, lerro hori gehitzea legedian. 

Nola joan da ekimen hori?

Bada, ematen zuen lerro hori sartzea onartzen ahal zutela. Lerro hori onartzeko parlamentari batek bideratua behar zuen eskaera. Izapideak edo tramiteak ez dira aise Gobernuaren eskutik ez bazen pasatzen. Halaber, Seaskarekin dauden hainbat akordio –beste arlotan dauden diru edo finantzazio akordioak– ukituak gera zitezkeen lerro hori gehitzen bazen. Capdeviellek eraman du aitzina proposamena. Parlamentuko idazkariari eman zion aditzera proposamenaren desmartxa, gaueko 11:30etan. Gauerdian ixten zen aurkezteko epea. Hamabiak bost gutxitan, irudiz, lerro hori sartzeko aukera bertan behera utzi zuten Parlamentuko arduradunek.

Okupazioaren lehen orduetan tentsioa izan zen. Eraikina uzten ez bazenuten  salaketa jarriko zutela adierazi du Patrice Laurent PSko kideak.

Alde horretatik egoera lasaitu da. Hastapenean tentsioa izan da, bistan denez, okupazioa funtsean indarrez egiten den zerbait da. Harremanak ongi pasatzen ari dira orain.

Lortu dezakezue egoera desblokeatzea?

Ari gara horretan . Capdevielle diputatuak Gobernuaren zenbait kabinetekin hitzordu bat lortu du. Barne ministerioarekin –Manuel Vallsek gidatua– eta Peillon-en Hezkuntza ministerioarekin, hasteko. Irudiz, hil honen 26rako hitzordua finkatu da. Baina guk, Seaskak, hitza ez dugu aski. Okupatzaileek okupazioa uzteko bilera eginen dela ziurtatzea nahi dute. Hori eman dute lehen xedetzat.

Okupazioa nola egiten ari dira? Mugagabea da, beti jende bera?

Ez aldizka ari dira. Txandak egiten dira gurasoen artean; Ikastola guztietakoak daude. Aldizka ari dira hainbat luzaz irauteko, hori baita erronka, atxikitzea. Zerbait erreala lortu arte atxikiko dute. Hitzak ez dira aski, hitz ederrak izanik ere, sozialistek orain arte erabiltzen dituztenak bezala. Emandako hitza bete dezaten nahi dugu: hitza hitz. Orain arte hitza eman dute, baina finean deusik ez. Hori izan da sozialisten jokaera. Guk aterabide erreala behar dugu.