argia.eus
INPRIMATU
Uztailaren 23ra aurreratu ditu hauteskunde orokorrak Espainiako Gobernuak
  • Gaur arratsaldean desegingo ditu bi ganbarak Pedro Sánchez gobernu presidenteak.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2023ko maiatzaren 29a

Galderarik egiten utzi ez duen prentsa agerraldian, Pedro Sánchez Espainiako presidenteak hauteskunde orokorrak aurreratu ditu uztailaren 23rako, PSOEk atzo jasotako emaitza eskasen ondotik.

Andaluzian kolpe handia jaso du PSOEk –zortzi hiriburuetatik zazpitan gailendu da PP, inoiz ez bezala–, Extremaduran ere bai, Aragoin, Balearretan... eta Madrilen, erkidegoan eta udalean, gehiengo osoa izango du.

Hauteskundeak aurreratzeko hotsak nagusitu baino lehen hartu du erabakia Pedro Sánchezek . Bide batez, gobernukide duen Podemosen gainbehera handiari ere lagundu diezaioke hauteskundeak aurreratzeak, eta krisi egoera betean daudela azaleratzeak ere bai, horrek ea akordioak egitea ahalbidetzen dion, besteak beste, Sumar plataformarekin harremanean.

Horrez gain, udal eta erkidego gobernuak hauteskunde orokorretako kanpainak abiatzear daudela osatuko dira. Kasu horietan, hainbat lekutan, Valentzian eta Extremaduran esaterako, PPk eskura du gobernatzea baina Vox-ekin elkartuta, eta hori erabili dezake PSOEk kanpaina egiteko.