argia.eus
INPRIMATU
Uztailaren 23an Ipar Euskal Herria blokeatuko dute Parot eta Esnal aska ditzaten
  • Hori adierazi dute Bake Bideaneko ordezkariek ostegun honetan Luhuson egindako agerraldian. Azkenekoz, ekainaren 9an eta 15ean aztertu zuen Frantziako justiziak Ion Parot eta Jakes Esanen askatasuna, eta epaileek haien baldintzapeko askatasunaren alde egin zuten, baina prokuradoreak helegitea jarri zuen eta orain uztailaren 21ean erabakiko dute haien askatasunaz.

ARGIA @argia 2022ko ekainaren 23a
Argazkia: Bake Bidean

Epaileek bi presoen aldeko askatasunaren alde egin dute, baina ministerio publikoak helegitea jarri du, eta beraz, Frantziako Gobernuari presioa egite aldera, Bake Bidean-ek uztailaren 23an Ipar Euskal Herria blokatuko duela iragarri du, herritar talde handi batez osatutako agerraldian.

"Itsutasunak eta Euskal Herriko testuinguruaren bilakaera positiboa kontuan hartzeari uko egiteak ondorioen ikuspegi sektarioa eta arduragabea hartzera bultzatzen ditu. Epe laburrera askatzeko aukera guztiak baztertzeko borondate horrek justiziatik biziki urrun diren motibazioak erakusten ditu, Estatuaren mendekuarenak", adierazi dute Luhuson.

Erabaki horiekin, Aieteko Konferentzian markaturiko ibilbide-orria bukatzeko aukera guztiak ixten dituztela adierazi dute: "Horretarako, preso eta erbesteratu guztiak askatu, etxeratu behar dira, justizia trantsizionala ezarriz, biktima guztiak onartuz, beren eskubideak bermatuko dituzten mekanismoak sortuz, inplikaturiko alderdi guztien arteko elkarrizketa plantan ezarriz eta gatazkaren iturriak identifikatuz".

Macron lehen mailako erantzule

Blokeo egoeraren errudun zuzenean egin dute Macron lehendakaria: "Jabetu zaitez Euskal Herriko herritarrek zure kontsiderazio falta sentitzen dutela, zure immobilismoa egiazko umiliazio gisa bizi dutela. Umiliazio hori belaunaldiz belaunaldi transmiti daiteke, benetan prest al zara arrisku hori kontzienteki hartzeko?".

Baina gizarte zibileko ordezkariek halako oztopatzerik ez dutela onartuko argi utzi dute, eta horregatik dei egin dute 23ko blokeo ekintzara: "Tentsioa sortuko dugu arreta erakartzeko". Dagoeneko ehunka pertsona mobilizatu dituzte, egun osoa iraunen du ekintzak eta herritarrak deitzen dituzte bide nagusiak ixtera. Hamar hitzordu finkatu dituzte honako herrietan eta Bakea nahi baduzu prestatu justizia goiburuarekin: Baionako Herriko Etxean 10:00etan; Baiona Marouette aparkalekuan 10:00etan; Biarritzeko geltokian 10:30ean; Bidarten, Uhabia hondartzako aparkalekuan 10:00etan; Ziburuko pilota plazan 10:30ean; Pausu Xaia ondoko aparkalekuan 10:00etan; Azkaine pilota plazan 10:30ean; Ezpeleta merkatu estalian 10:00etan; Donibane Garazi Jai alaia 10:00etan; eta Mauleko geltokian 10:00etan.

Honako lagunak azaldu dira prentsaurrekoan, deialdiari sostengu ematera: Argitxu Dufau, Dominika Durruty, Haritz Agirre, Joana Olasagasti, Maddi Errecaret, Marise Cachenau, Marie Christine Aragon, Kaiet barbarena, Lucien Betbeder, Pascal Dejoux, Oihana Driollet, Jean Daniel Elichiry, Anaiz Funosas, Aitzol Gil San Bizente, Kattalin Ezkurra, Maika Thicoipe, Mikel Irribarren, Alice Leiciageçahar, Beatrice Molle, Xabier Manterola, Xabi Etcheverry, Iker Elizalde, Ana Marie Grenier, Regis Eneriz, Peio Ospital, Michel Veunac, Oier Iriare, Erramun Martikorena eta Jean Lèon Camblong.