Planeta freskoago baterako mugikortasun iraunkor, sozial eta egituratzailearen alde ekomartxa egingo dute, Ekologistak Martxan taldeak deituta. hamairugarren edizioa izango da aurtengoa. Uztailaren 28an Balmasedan sartu eta 30ean Barakaldon amaituko da.
Txirrindu martxa egingo dute Valladolidetik (Espainiako Estatua) Barakaldora uztailaren 15etik 30era bitarte, planeta freskoago baterako mugikortasun iraunkor, sozial eta egituratzailea helburu izanda. Aurtengoa, hamairugarren edizioa izango da, eta aurreko urteetako arrakasta handia errepikatu nahi dutela adierazi du Ekologistak Martxan taldeak.
Gaztela eta Leon, Kantabria hegoaldea eta Bizkaia zeharkatuko dituzte, txirrindua garraiobide eraginkorra, osasungarria eta iraunkorra dela erakusteko asmoz. Euskal Herrian “arreta berezia” jarriko dutela azpimarratu dute.
Etorkizunean mugikortasun aktiboak protagonismo handiagoa hartu behar duela adierazi dute. Haien ustez, trenbideak garraiobide nagusia izan behar du berriro, besteak beste, planeta hozteko.
Martxaren ibilbidea
Ostiralean, 28an, sartuko dira Euskal Herrira, hain justu Balmasedara. Egun hartan, Balmaseda, Muskiz eta Barakaldo igaroko dituzte (40km). Hurrengo egunean, Barakaldotik Bilbora eta buelta egingo dute (30km), eta bertan agur- festa ospatuko dute. Azken egunean, aldiz, agurra egingo dute Barakaldon bertan.