argia.eus
INPRIMATU
Uxue Bereziartua ilustratzailearen marrazkia zentsuratu du Instagramek, titiburuak agerian zirelako
  • Klitto agerkari digitalean egin zuen ilustrazioa Uxue Bereziartuak, eta zentsuraren berri izan eta gero, Malen Aldalur kazetariak Klitton bertan gertakizunaren harira iritzi artikulua idatzi du. Ondoko lerroetan duzue iritzi artikulua.

     

     

Klitto! atari digitala @KlittoDigitala 2019ko urtarrilaren 08a
Ilustrazioa titiburuak zentsuratu aurretik. Egilea: Uxue Bereziartua.

Biluzteaz hitz egin zigun Udane Barinagarrementeria Lakak, Klitton. Geure zauriak erakusteaz, ahula izateko eskubideaz. Eta ederki jantzi zuen biluztasuna Uxue Bereziartua Lonbide ilustratzaileak, gorpuz biluziari itzalak marraztuz. Markak airean, zauriak bistan, titipuntak aurrera begira. 

Kulero beltzak soinean dituen gorputz erreal bat zabaldu genuen sare sozialetan Anariren eta Udaneren hitzekin, eta Instagramentzat pornografiatik gertu dago irudia. Emakumeen gorputza objektu sexual gisa erabiltzen duen gizarte honek, ezarritako kanonen barruan sartzen diren gorpuz markarik gabeak eta plastifikatuak plazererako, salmentarako, propagandarako, biolentziarako erreparorik gabe erabiltzen duen jendarte honek, badu fobia, beldur eta ezinikusirik titiburuekiko. 

Han eta hemen ikusten ditugu titipuntak soilik estaltzen dituzten hainbat jantzi, titi gainean jarritako bi pinportita horiek larrugorritan egotea ekidingo balute moduan. Orain gutxi arte uste nuen egongo zela emakumezkoen titipuntak identifikatzen dituen algoritmorenbat, haiek bistaratzen dituen sare sozialetako kontua identifikatzeko, eta piiiiiiiiiiii alarma bat sortuko zela irudi hori berehala kontutik ezabatzeko. Baina dirudienez, Instagrameko erabiltzaileak beraiek dira gehienbat plataformari emakumezkoen titiburuak ageri diren argazkiak zentsuratzeko eskatzen dietenak. Berdin dio, arrosak edo gorrixkak diren, euro baten tamainakoak edo bost zentimoko baten antzekoak, denak geratzen dira pixelez osatutako laino baten atzean. Era berean, sare sozialaren arauen kontra doazen hainbat kontu aurki ditzakegu: biolentoak, armen ingurukoak, animalien tratu txarrak bultzatzen dituztenak, misoginoak… Baina hauek guztiak baino min gehiago egiten dute emakumezkoen titiburu tenteek. 

Asko izango dira guk argitaratu berri dugun argazkian baino titi handiagoak dituzten gizonezkoak, baina haien titiburuek ez dute konnotazioa sexualik, ez dute inorengan ezinegonik sortzen, ez dira inkomodoak. Gizonezkoen titipuntak kasik gureen berdinak izanagatik sozialki ez dira existitzen. Gizonezkoen titiburuak ez daude bizitza sozialean, beraiek edozein testuinguru informaletan eta edonoiz erakutsi ditzakete. Gorputzen eraikuntza desorekatua eta sexista agerian geratzen da horrela. 

Guk bitartean, titipuntak ezkutatzen jarraitu beharko dugu sare sozialetan eta baita handik kanpo ere. Besteak beste, hori da bularretakoen egiteko bat, titipuntak ezkutatzea, baita gaur egun bikinekin batera saltzen dituzten almuadatxo akoltxatu horiek ere. Ea hoarkabean uretatik atera eta bikiniaren erdian bultotxo bat nabaritu behar den, han zerbait dagoela iradoki nahiko balu bezala.

Markak airean, zauriak biztan, titipuntak aurrera begira. Hala marraztu zuten gure gorputz biluzia Uxuek eta udanek:

“Pentsa liteke arropak kentzea, gure maskarak kentzea dela; jendaurrean eta ispiluaren aurrean eraikitzen dugun horri azala kentzea. Eta pentsa liteke arropak janztea, zauriak estaltzeko autodefentsa mekanismoa dela. Agian horregatik egiten zaigu h-a-i-n zaila ispilu aurrean biluztea. Are zailago ispilua beste norbait denean, eta zer esanik ez beste norbait hori kolektiboa denean. Nudismo emozionalak lekurik ez du gure hondartzetan…”, 

Zauriak sendatzeko autodefentsa mekanismo bat izan daiteke titiburuen tabuak askatzea. Nudismo emozionala titiburuetan bi botoi jarrita egin beharrik ez edukitzeko.

Iritzi artikulu hau Klitto agerkari digitalak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra