Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko lehendakari hautatu zuten astelehen arratsaldean Nafarroako Legebiltzarrean. Ondorengo lerroetan izendatze saioko kronika irakur liteke. Barkosek asteazkenean hartuko du kargua.
Uxue Barkosek ekin dio inbestidura saioari eta luze jardun du, nagusiki erdaraz baina euskarari tarte zabalak eskainiz, batez ere gobernu programaz. Edukietan sartu aurretik, Nafarroako gizartean aldaketaren aldeko hautua egin duela azpimarratu du, PSNri berriz keinu eginez: “200.000 boto aldaketaren alde eta 100.000 berdin jarraitzearen aldekoak izan dira”. Eta Legebiltzarra ere bereziki azpimarratu du: bere ustez, honek izan behar du aurrerantzean Nafarroako politikaren erdigunea.
26 orrialdeko hitzaldian, gobernu programaren aipamen handia eta zehatza egin du lehendakarigaiak, alor guztiak aipatuz. Korridoreetako adierazpenetan EH Bilduko Adolfo Araizek eskertu egin du programari eskainitako tartea eta, batez ere, testuari errespetu handiarekin egin izana –nahi duenak lotura honetan du 615 neurri biltzen dituen programa osoaren laburpena–.
UPN ohiko beldurraren hitzetan kateatua
Uxue Barkos lehenik, gero José Javier Esparza UPNko bozemailea, Koldo Martinez (Geroa Bai), Adolfo Araiz eta Ahal Duguko Laura Perez atera dira. Uxue Barkos sostengatuko duten lau indarrek hasieratik aipatu dute une historikoaren garrantzia, aldaketarako dagoen gogoa eta aukera, eta elkarrekin aurrera egiteko borondatea.
Aurreikusi bezala: goizeko txandan Esparza izan da salbuespena, berriz ere UPNren beldurraren diskurtsoa astinduz. “Gaur ez da zure inbestidura bakarrik egiten”, adierazi dio Barkosi, “gaur pozarren dagoen Adolfo Araizen inbestidura ere bada”. Eta hitzaldiaren hiru laurdenetan ez du EH Bildu, Maria Jose Beamont sailburua eta beldurraren estrategia besterik izan. Poesia eta berba politen ordua bukatu dela adierazi dio Barkosi, orain gobernatu egin beharko duela.
Eta baietz Barkosek, lasaitasunetik, pluraltasunetik eta nafar guztientzat gobernatuko duela erantzun dio, orain arte UPNk egin ez duen bezala. Baina tinkotasunetik ere bai. Araizek ere erantzun dio: “Hauteskundeetan debate ospetsu hartan egon ginenetik ez duzue ezer aldatu”. Gainerakoan, Araizek ere azpimarratu du azken urteetan EH Bilduk aldaketaren alde egin duen ahalegina, eta azkenean, “ezberdinen arteko akordioaren ondorioz”, hori lortu egin dela.
Eta akordio horretarako EH Bilduk jarri dituen oinarriez jardun du ondoren Araizek: Nafarroako pluraltasuna, ekologia, gardentasuna eta ustelkeriaren aurkako borroka, bakegintza, herritarren partehartzea eta demokrazia. Beste behin ere argi utzi du: ez genukeen halako gobernua osatuko, barruan gure nortasun osoz egon nahi genuen, baina hala ere berau esan bezala sostengatuko dugu, leialtasunez eta bere jarraipena bermatzeko adi egonez.
Martinez ameslari, Perez gerlari
Koldo Martinezek egin du besteengandik bereizteko moduko hitzaldia: 36ko Gerran hasi, frankismoa eta Espainiako trantsizioan sakondu eta gaur egunera iritsi. Martin Luther Kingek bezala amets egiten duela orain, pozarren dagoela, batez ere hainbeste denboran baztertuak izan ondoren, berak eta beste askok orain nor izateko aukera dutelako. Beldurrean hezia izan dela ere gogorarazi du: “36ko Gerran aitona fusilatua izan zen” eta –molde desberdineko biktimak aipatuz– horregatik gertutik sentitu eta ulertzen dituela biolentziaren biktima izan direnak.
Eta, doinuari dagokionez bederen, Ahal Duguko eledun Laura Perez izan da eszenatokira gerlarien igo den hizlaria. Greziako suak ere legebiltzarreraino hurbilarazi ditu. UPN eta PSN egin ditu herritarrek Nafarroan hainbat urtetan sufritu duten egoeraren erantzule eta Barkosen gobernua sostengatuko duela adierazi du.
Baina, Araizek bezala, argi gogorarazi dio hau ez dela beren gustuko gobernua eta horretatik ez direla bertan sartu: “Gure pertsonak ezin baditugu guk zuzenean izendatu, kanpoan geratuko gara”. Lehendakariordetzei dagokienez, ez du esan, baina Ahal Duguk ez du batere gustuko Manu Aierdik ekonomia alorra hartu izana; bere ustez, lehendakaritza horretatik kontrolatuko da gizarte gaietarako beste lehendakariordetza. Eta, hala ere, gobernu akordioa goraipatu du eta arratsaldean Uxue Barkosek euren sostengua izango duela iragarri du.
Beltran zezenaren gisan plazara
Arratsaldeko 15:30etan berrekin diote lehendakari izendapen saioari eta PSNko bozemaile Maria Chivitek bere txandari heldu dio. Orain arte publikoki iragarri bezala, haiek ere aldaketaren alde daudela hasi du jarioa, UPN oposizioan nahi dutela eta Uxue Barkosen gobernu programan badirela intereseko alorrak -esparru sozialekoak batez ere–, baina baita ere bat ez datozenak, identitatea eta nortasunari dagozkionak batez ere. Ez du gustuko, Araizek egin duen gisan, Erregimenaz hitz egitea, are gutxiago PSN horren baitan kokatzea.
Funtsean, ez du batere gustuko EH Bildu gobernu horretan egotea. Programari kritika zorrotza egin dio, oso boluntarista dela esanez, eta horrek etsipena ekarriko duela herritarrengana, diru publikoetan bizi diren urritasunak kontuan hartuta, aipatzen direnak ezin izango direlako bete. Horrexegati guztiagatik, eta borondate keinu on gisa, abstenitu egingo direla iragarri du. Erantzunean, Barkosek adierazi dio bidean egingo dutela topo, sozialistek horretarako borondatea badute behintzat.
Azken aurreko bozemailea, PPko Ana Beltrán, zezena bezala atera da plazara, kementsu eta aretoa piperminez hornitzeko asmo betez. Lortu du. Adierazpen askatasuna libre da eta ez du gaitza, Esparza eskuinetik gainditzeko asmotan atera da eta haren paretsu bederen ibili da, haren ardudio berdinekin: EH Bildu, Beaumont, terroristen lagunak, muturreko nazionalistak eta moderatuak... eta aipamen pertsonala Koldo Martinezi, "uste nuen moderatua zinela" eta hara non muturreko abertzale batekin egiten duela topo.
Baina Beltran batez ere euskararen inposaketan oinarritu da, Nafarroako agerraldi eta aurkezpen guztietan aldaketaren indarrak inposatzen ari direla azpimarratuz, aurrez aurre duten %90ek ez duenean ulertzen euskara erabiltzen tematzen direlako. Beltran entzunda, edozeinek esango luke euskara Nafarroako hizkuntza ofiziala dela lurraldearen erdian.
Azkena izan da Ezkerrako Jose Miguel Nuin eta gobernu akordioak benetako aldaketa dakarrela azpimarratu du. UPNri gogorarazi dio ez ziola haren amuari kosk egin eta ez litzatekeela ulergarria izango PSN eta Ezkerrak gobernua osatzea UPN eta PPren botoekin. Oraingo formula, aldiz, sinesgarria dela, murrizketekin amaituko duelako eta herritarren babeserako bestelako lehentasunak finkatuko dituelako. Honakoa ere deigarria egin zen: Barkosen gobernuari kritika egin zioten Araizek eta Perezek, batez ere osaera dela eta; Nuinek ez zuen halako ohartarazpenik egin eta sostengu osoa adierazi zion Barkosi.
PPkoak amaitu eta Ainhoa Aznarezek bozketari ekingo zitzaiola iragarri du 17:45ean. 26 boto Uxue Barkosen alde (Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerra), 17 aurka (UPN eta PP) eta 7 abstentzio (PSN). Emaitzarekin, Uxue Barkos izendatu dute Nafarroako Gobernuko lehendakari eta honek bere agintaldiari ekin dio pozarren eta txalo artean. Topikoa da, baina egia ere bai, gaur hautaketa historikoa bizi izan da Nafarroako Legebiltzarrean.