argia.eus
INPRIMATU
Uxue Alberdik eta Mitxelko Urangak jaso dituzte Euskadi Sariak
  • Haur eta gazte literaturako saria eta saiakera saria irabazi dute, hurrenez hurren, Alberdik eta Urangak euskarazko alorrean. Fernando Mikelarenak 1936ko errepresioari buruzko lanagatik jaso du gaztelaniazko saiakerarena eta ilustrazioarena Mikel Casalek.

ARGIA @argia 2016ko urriaren 13a

Gaur jakinarazi ditu Euskadi Sarietako lehen izenak Joxan Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura, Hezkuntza eta Gaztedia sailburuordeak. Uxue Alberdik euskarazko haur eta gazte literaturako saria jaso du Besarkada (Elkar) lanagatik. Mitxelko Urangak, berriz, euskarazko saiakera saria Tartaroa. Mina, boterea eta egia (Pamiela) liburuarekin.

Horrez gain Euskadi Sarietako gaztelaniazko beste bi sari ere eman ditu sailburuordeak, Mikel Casali ilustrazioarena, Así es la dictadura (Media Vasca) lanagatik, eta Fernando Mikelarenari Sin piedad. Limpieza política en Navarra, 1936 (Pamiela) ikerlanagatik saiakeraren alorrekoa. Mikelarenari elkarrizketa egin genion ARGIAn lan horren harira.

Gainerako sarien berri datorren astean emango du Eusko Jaurlaritzak eta banaketa ekitaldia azaroaren 17an izango da Donostiako San Telmon.