Azaroaren 8tik 12ra bitartean egingo da Hitzen Lihoaren seigarren ekitaldia, Oiartzunen. Hainbat diziplinatako ekitaldiak barnebiltzen dituen egitarau zabala antolatu dute.
Asteazken honetan, hilak 8, ekingo diote bost egunez 2023ko Hitzen Lihoari, Oiartzunen (Gipuzkoa). Utopia izango da aurtengo ekitaldiaren ardatza eta artea eta kultura ere “ezinbesteko lagun” izango dira, antolatzaileen esanetan. “Aldatzeak irudikatzea eskatzen du: ezagutzen dugun gizartea aztertzea eta kritikatzea, litekeenari buruz espekulatzea, etorkizun posibleak deskribatzea, hausnarketa eragitea”, gaineratu dute. Hainbat diziplinatako bederatzi ekitaldiz osatutako egitaraua antolatu dute: literatura, hausnarketa, musika, analisia, bertsoa, kritika, sormena, antzerkia, arte plastikoak... besteak beste.
Aurtengo ekitaldia seigarrena izango da eta kulturari “bestelako plaza bat” emateko helburua izango du. Dagoeneko, joan den asteburuan egin dute seigarren edizio honen “lehen aperitiboa”: haurrekin mural bat margotu dute Oiartzungo Kontzejupe plazako eskaileretan, Maitri Ugaldek gidatuta, utopiari begira, “ametsetako herriari” begira jarriz, Nolako Oiartzun amesten dugu? lemapean. Haziak-ekin batera burututako jarduera izan da honakoa.
Egitaraua
Azaroak 8, asteazkena, 19:00etan: Manifestua. Landetxe Kultur Aretoan. Jarraian, Popperra, afterra, utopia emanaldia.
Azaroak 9, osteguna, 19:00etan: Utopia edo distopia: norantz goaz? Pote filosofikoa. Landetxeko tabernan. Alba Garmendiak irekiko du bidea hitzaldi labur batekin eta ondoren, bertaratutakoen artean sortuko dute elkarrizketa.
Azaroak 10, ostirala, 18:30ean: Utopia: espekulazio-ariketak hitzaldia. Landetxe Kultur Aretoan. Oier Guillanek gidatuta, Lorea Agirre eta Harkaitz Cano etorkizun desiragarrien inguruan espekulatzen jarriko dituzte.
Azaroak 11, larunbata, 11:00etan: Utopiaren idazketa plastikoa. Zer da utopia zuretzat? Tailerra. Arizmendienean.
Azaroak 12, igandea, 11:00etan. Kristalezko begi bat liburuaren irakurketa jarraitua. Kontzejupean.
Azaroak 14, igandea, 14:00etan: Bertso bazkari literarioa. Girizia elkartean. Aurreko eguneko tailerreko Kristalezko begi bat liburua oinarritzat hartuta, Miren Agur Meabe egilea berak egingo du gai-jartzaile lana; bertsotan, berriz, Amets Arzallus, Nerea Ibarzabal eta Alaia Martin ariko dira.