argia.eus
INPRIMATU
Utopiak literaturatik eta euskaraz elikatu nahi? Uda honetan bi aukera dituzu
  • Utopia ardatz, bertso-paper lehiaketa antolatu du Gasteizko Eva Forest Liburutopia kafe-liburu dendak, eta literatur lehiaketa Sukar Horia kolektibo ekologistak. Bestelako etorkizunak irudikatzeko ahala ezinbestekoa da eraldaketa gaurdanik borrokatzeko.

Zigor Olabarria Oleaga @zoleaga1 2024ko uztailaren 22a
Argazkia: Michal Bednarek (123rf.com)

“Oso erraz irudikatzen dugu gaur egun distopia; utopiak, aldiz, nekez”. Sukar Horia kolektiboaren hitzak dira, baina azken urteetan, nabarmenago pandemiaz geroztik, ezkerrean oro har zabaldu den kezkaren adibide dira. Ezintasun horrek berak zailtzen du gaurdanik borroka egitea gizarte justu baten alde. Arrazoiak askotarikoak dira, baina bat entretenimenduaren industrian eta kultur sorkuntzan bilatu behar dugu: etorkizun distopikoetan (etorkizun oso hurbiletan, maiz) kokatutako produktuak biderkatu egin dira, eta hedapen izugarria izan dute: Black Mirror eta L'Effondrement (Kolapsoa) serieak, Gattaca, Langosta edo Snowpiercer filmak, Gose Jokoak edo Neskamearen ipuina narrazioa (biak pantailara eramanak)... Batzuk errealitatearen onarpen akritikoa oinarri, beste batzuk ikuspegi kritiko batetik sortuak; ezkerretik edo eskuinetik; baina puntu batekin komunean: etorkizuna beldurgarria da (oraina baino are beldurgarriagoa). Kasualitatea ote ikus-entzunezkoen multinazionalek milioietako inbertsioak egitea pantailara eramateko distopia kritikoenak ere?

Bestelako etorkizunak irudikatzea ezinezko egiten bazaigu, gizartea aldatzeko gaur borrokatzeak zentzua galtzen du; kontrara, utopiak amestu eta konpartitze hutsak horietara hurbiltzen gaitu. Distopiarako joera hegemoniko horren aurka sortu dira ekimenak sorkuntza arlotik bertatik. Horren adibide da 2019an jaio eta ibilbide luzea egin duen Zirriborroak eta gero ekimena. Uda honetarako, letrak eta euskara bitarteko, bestelako etorkizunak irudikatzeko ariketa proposatu dute Eva Forest Liburutopia liburu dendak eta Sukar Horia mugimenduak.

Bertso berriak utopiari jarriak

Horrela du izena Gasteizko Liburutopiak antolatu duen lehiaketak. Irailaren 5era bitarte, sei eta hamabi bertso arteko bertso-sortak aurkeztu ditzake nahi duen orok, doinu eta neurri librean, banaka zein taldea. Aurkeztutako lanetatik hiru sorta hautatuko dituzte hasiera batean, eta horien egileak irailaren 21ean ospatuko den Bertxoko Egunaren bazkalostean kantatu beharko dituzte poesiak. Horren ondoren jakinaraziko dute antolatzaileek azken irabazlea. Saria (Bertxoko Egunerako bazkariaz gain): bertso-sorta irabazlea Liburutopian bertan izango da “ikusgarri eta irakurgai” denbora batez, eta narratiba, komiki eta saiakera lan bana eraman ahal izango ditu etxera. Zehaztapenak beheko kartelean:

 

Etorkizun bizigarriak irudikatzen

“Aurkezten diren lanek deskribatu egin beharko dituzte etorkizunean bizitza egun baino bizigarriago egiten duten egoerak, edozein dela ere bizitzaren arloa”, azaldu dute Etorkizun bizigarriak irudikatzen literatur lehiaketaren antolatzaileek. Sukar Horia kolektibo ekologistak bultzatu du lehiaketa, hiru modalitateetan: literatur sorkuntza; gazteen lanak (18 urtetik beherako egileentzako, baina beste bi modalitateetan parte hartu dezakete ere); eta itzulpenak. Lehen bi modalitateetarako baldintzak berdinak dira: testu originalak eta argitaragabeak izan behar dute, edozein modalitatean (narrazioa, poesia, bertsoa, antzerkia...). Itzulpenen kasuan, euskaraz argitaragabeak izan behar dute testuak. Hiru modalitateetarako, bost orri dira gehienezko muga, eta irailaren 15a baino lehen aurkeztu behar dira lanak. Literatur sorkuntza eta itzulpen modalitateetako irabezleek 300 euro jasko dituzte sari gisa, eta gazteen modalitatekoak 150. Zehaztasunak, hemen.

Epaimahai esanguratsua osatu dute lehiaketarako, literatur arloko aritu eta adituez, kazetariez edo militanteez osatua: Amaia Apalauza, Aiora Jaka, Danele Sarriugarte, Elena Olave, Lizar Begoña, Eli Pagola, Iñaki Barcena, Iñaki Petxarroman eta Jenofa Berhokoirigoin.