argia.eus
INPRIMATU
Eva Forest Liburutopia
Utopia letra eta kafe artean elikatzeko liburu-denda
  • Abenduaren 1ean inauguratuko dute Gasteizko Alde Zaharrean Eva Forest Liburutopia kafe-liburudenda. Proiektua “pentsamenduaren eta kulturaren hedapen eta gozamenerako topalekua” izatea nahi dute bere bultzatzaileek. Hilabeteko programazioa aurkeztu dute jada. Abenduaren 2an, larunbata, ARGIAren Txori urdinak liburuaren gaztelerazko itzulpena aurkeztuko da, besteak beste.

ARGIA @argia 2023ko azaroaren 27a

Adin eta gustu guztientzako eskaintza izango duen liburu denda izango bada ere, “pentsamenduan, kulturan eta nazioarteko borroketan” espezializatuko da. Helburua: “Erremintez jabetu eta arrazoiaren ezkortasunari aurre egitea, alternatiba borondatearen baikortasunetik eraikiz”. Euskaraz “gozatu, pentsatu eta antolatzeko” asmoa dela-eta, euskarazko lanek “toki zentrala” izango dute, eta 3.500 liburuko funtsarekin irekiko dute, osatuz joango direna. Kafetegian kafeak, infusioak, tostadak, irabiatuak eta bestelako produktuak eskainiko dituzte ahoaren gozagarri, eta ekoizle txiki eta hurbilekoei lehentasuna emango diete.

Bestelako ekimenak ere garatuko ditu Eva Forest Liburutopiak, umeen txokoa, Kuttunak irakurleen txokoa edo liburu aurkezpenak, kasu. Zazpi lagunek osatutako talde bat da Eva Forest Liburutopiaren sustatzailea, “proiektuaren aurretik Gasteizko bestelako egitasmo eta mugimenduetan bat egin izan dugunok”. Esan gabe doa, proiektuari izena Eva Forest militante, idazle eta editorearen omenez eman diote.

Abenduko programazioa

Arduradunek sare sozialetan iragarri dute jada abendurako prestatu duten egitaraua. Abenduaren 1ean izango da ate irekiera, brindis batekin. Abenduaren 2an, Pájaros azules liburuaren aurkezpen musikatua egingo dute. Hilaren 5ean, Lazunak azkazaletan poesia liburua aurkeztuko du Oihana Arana idazleak, eta ondoren Lenoir eta MICEk beren musika eskainiko dute. 6an, umeentzako txokoa aurkeztuko du Ane Gebara ipuin kontalariak. 8an, Shout! Beltzen askapenerako mugimendua eta musika hitzaldi musikatua eskainiko du Igarki de Roblesek. 14an bigarren txoko bat aurkeztuko du Eva Forest Liburutopiak, kasu honetan Kuttuna irakurleen txokoa, hainbat lagunen parte hartzearekin: Leo Bueriberi, Marina Suarez, Mikel Aierbe eta Cira Crespo ARGIAren kolaboratzailea. Azkenik, abenduaren 15ean Katixa Agirre idazleak Berriz zentauro nobelaren aurkezpena eta irakurraldia egingo du.

Pajaros azules liburuaren aurkezpena

Datorren larunbatean, abenduak 2, Pajaros azules liburua aurkeztuko dute Eva Forest Liburutopian. Pájaros azules liburua Txori urdinak liburuaren gaztelerazko itzulpena da, Santi Cobos FIES preso ohiaren espetxeko bizipenak eta hausnarketak jasotzen dituena bere ahotik. Aurkezpen musikatua izango da, eta bertan izango dira Cobos bera, bere lagun eta FIES preso ohi Victor Peco, Ziklone musika taldea –euskarazko liburuaren hainbat pasarte musikatu ditu– eta Zigor Olabarria, liburuaren idazlea. 11:00etan hasiko da aurkezpena, eta amaitzean hamaiketakoaz gozatuko dute bertaratzen direnek, besteak beste, “pintxo talegeroekin” sabela berdintzeko.