argia.eus
INPRIMATU
Utopia berrien bila
  • Bilboko ‘Oraina kontakizun’ jardunaldien azken saioan hartu dute parte Maialen Lujanbiok eta Jule Goikoetxeak. Euren ustez, errelato “zaharkituekin” amaitzeko, beste errelato batzuk sortu behar dira. Eta arteak horretan lagundu dezake.

Olatz Silva Rodrigo Pikara Magazine @pikaramagazine 2023ko apirilaren 18a
Jule Goikoetxea eta Maialen Lujanbio. | Argazkiak: Gessamí Forner (El Salto) / Dani Blanco (Argia).

“Eta errelatorik ez balego, zer?” galdetu du Goizalde Landabaso kazetariak. Isilik geratu dira Maialen Lujanbio kazetaria eta Jule Goikoetxea filosofo politikoa. Segundo batzuk igarota, erantzun argia eman du Goikoetxeak: “Errelatorik gabe, ez ginateke existituko”. Bilboko Bira kulturgunean batu dira hiru emakumeak, Oraina kontakizun jardunaldien baitan. Bilboko Zenbat Gara elkarteak eta Birak lau saio antolatu dituzte, eta Lujanbiorena eta Goikoetxearena azkena izan da: Datorren kontakizuna. Bakoitzak bere esparrutik, errelatoen inguruan mintzatu dira.

Gaur egungo “errelato zaharkitu, miope eta kasposoak” izan ditu hizketagai Goikoetxeak. Izen zehatza ere eman die errelato horiei: Narratrix. Baina zer da zehazki narratrix bat?

“Narrazio edo kontakizun fundazionala”. Hau da, sexua bitarra dela, morala unibertsala, umeak gurasoen propietate pribatu, edo gizakia arrazionala. “Are gehiago, animaliengandik desberdintzen gaituena inteligentzia dela”. Horiek dira narratrix-ak; eta errelato horiek dira gizakiak bete behar dituenak, gizaki izateko. Goikoetxeak adierazi duenez, gizakien munduan, herena baino ez da gizaki, beste bi herenak ez dituelako betetzen gizaki izateko arauak. “Jaiotzen den ugaztun hori, ez da gizaki sistematikoki, errelato batzuk behar ditu gizaki izateko”. Arau horiek betetzen ez dituen oro, kanpoan geratuko dela esan du. Besteak beste, azal zuria ez dutenak, dirurik ez dutenak, txikiegiak direnak, edo titiak bai baina alurik ez dutenak.

Errelatoa “indartsua” dela azpimarratu du Goikoetxeak. Izan ere, pertsonek errelato zehatz batzuk jarraitzen dituzte, “periferian” ez geratzeko eta “munstro gisa irakurriak” ez izateko. Horren arrazoi nagusia beldurra da; “norman ez sartzearen beldurra”.

Goikoetxeak argi du errelato horiei aurre egin ahal zaiela. Gakoa kontakizun berriak sortzea da: “Narratrix berriak”. Errelatoak nork sortuko dituen ere badaki Goikoetxeak. “Periferietan daudenek sortuko dituzte: munstro bezala ikusiak direnak, ulertuak ez direnak, ikusezinak direnak”. Haren arabera, haiek dira errelato berriak sortu eta, ondorioz, etorkizun berriak irudika ditzaketen pertsonak.

Errelatoetan, gainera, hizkuntzak ere badu eragina, Goikoetxearen arabera. Haren errelatoan, euskarak zuzenean eragiten du. “Euskaraz egiten dudanean, nire komunitate iruditeria beste bat da”. Esate baterako, azaldu du jardunaldietako publikoari ez diola hitz egingo “Espainiako publikoari” hitz egingo zion moduan. Era berean, haren ustez, euskarak etorkizunean beste ikuskera bat eskaini ahal izateko, beharrezkoa da “komunitate politiko desberdin bat” egotea. “Komunitate politikoa, haragizkoa dena, desberdina izan behar da: instituzionala, lurraldekoa, kultura, arte, jendea, gure egunerokoa… Hori desberdina ez baldin bada, euskara ez da desberdina izango”. Euskarak errealitatea sor dezake. Eta baditu horretarako produktu politiko eta kulturalak: “Hori badaukagu; orain, hori mantendu behar da eta hori berrindartu. Gaitasun materialak behar ditugu, estatu bat, hasteko, eta hor utziko dut”.

Kontatzeko beste modu bat

Beste gai bat jarri nahi izan du mahai gainean Lujanbiok. Arteari buruz aritu da, zehazki, bertsoaz. “Bertsoa kontakizuna da: iraganaren transmisioa ekarri digute, eta garaiaren kontakizuna ere egiten du beti”. Ez dauka oso argi, hala ere, bertsoek etorkizunean etorri daitekeen kontakizuna egin ote dezaketen. Aldiz, argi dauka bertsoa eta oro har artea, “akademia eta teoria” iristen ez diren lekura iritsi daitekeela. “Entzuleen barru-barruraino sartzen da, batez ere, zuzeneko emanaldietan”.

Arteak ahalmen bat du: kontakizun nagusiak eta hegemonikoak alde batera utzi eta beste zerbait konta dezake. “Forma artistikoa bide bat da”. Gizarteak aurretiaz badakiena, beste era batean konta dezake: “Zorroztuta, pozoituta, bihurrituta”. Baina, Lujanbioaren arabera, hori ez da bere ahalmen bakarra: sorkuntzak entzulearen zain bat ukitu dezake, beste ezerk ukitzen ez duena. “Kanta zein bertso batek zain hori ukitzen dizunean, distortsio moduko bat sortzen da”. Zaila egin zaio Lujanbiori sentimendu hori azaltzea, “azaldu ezina” iruditzen baitzaio. “Hala ere, espero dut zuek noizbait sentiarazi izana”.

Nahiz eta bi emakumeek arlo desberdinetatik hasi duten solasaldia, biek iritzi bera dute: utopia berriak beharrezkoak dira, eta sorkuntzak horietan hartu behar du parte. Utopia eta errelato berriekin, errelato “zaharkituei” egin behar diete aurre. “Niretzako garrantzitsua ez da gaur egun zenbat errelato dauden eta ea denek tokia duten, baizik eta hemen ditugun errelatoek zenbat pisatzen duten”, nabarmendu du Goikoetxeak. Eta errelato bakoitzak atzetik duen egitura aztertu behar dela esan du: “Bakoitzak zenbat pisatzen duen, zergatik, eta nola apurtu”. Haren arabera, zutabe “estrukturalak” diren hiru errelato daude: “Kapitalismoaren, patriarkatuaren eta kolonialismoaren errelatoak; gainera, menderakuntza sistema batzuk dira, eta hortik beste milaka menderakuntza deribatzen dira”. Kontakizun horiek aztertu behar direla iradoki du: zergatik “birsortu” diren, eta nola “apur” daitezkeen. Izan ere, argi utzi du errelatoak “materialak” direla: “Uste da ideiak direla, baina errelatoek pila bat pisatzen dute; dena da materialitatea. Materiak komunikatzen du, errelatoa materia mota bat da”.

Egitura alternatiboak

Goikoetxeak salaketa egin du: “Kontakizun berririk ez dugu, begirada erauzi digutelako, nagusien utopiak bakarrik pentsatu ahal izateko”. Eta errelatoak ostu dituztenez, utopiak ere lapurtu dituzte. Baina Goikoetxea baikor agertu da. “Badago alternatiba”. Utopia berriak sor daitezke: “Herrialde askotan sortzen ari dira alternatibak, mugimenduak eta praktika berritzaile asko”. Hala ere, badago arazo bat. Goikoetxeak azaldu duenez, praktika horiek “sistemak bere barne” hartzen dituenean, “normalizatu” egiten ditu. Eta ez baditu egiturak bere barne hartzen, ez dira kontuan hartzen. “Guk eraldaketak sortzen ditugunean, ez dugu egitura alternatiborik. Beraz, egitura handienek eta potenteenek irabazten dute”.

Egitura “handienei” aurre egiteko, utopia berriak sortzeko gakoak eman ditu filosofo politikoak: “Utopiak ilusioa piztu behar du”. Eta nola piztu dezake ilusioa? Irudi berrien bidez, eta kontzeptu berrien bidez. “Utopia sorkuntza da; artea nahastu behar dugu eta gauza berriak bilatu, ilusioa pizteko”. Guztiz ados dago Lujanbio: “Lengoaia artistikoak beste mundu bat sor dezake, beste zerbait posible egingo duena”. Bertsolariaren arabera, arte munduak utopia eta poz hori “destilatzen” dituela, eskala “txiki” batean baldin bada ere.

Errelatoez, utopiez eta arteaz hitz egin ostean, Landabasok azken eskaera egin dio Lujanbiori: “Zuek esandako hitz asko jaso ditut: narratrix, eta punto, egia, utopia, gu, likena, gatazka, adreilua, panfletoa, abangoardista, performance, mistika… hau bertso bat da!” Barre egin du jendeak, baita Lujanbiok ere. Eta Landabasoren orrian dauden hitz guztiak begiratu eta gero, azkar erantzun du: “Agian bertso idatzi batzuk egingo ditut, etxean”.