argia.eus
INPRIMATU
Telesaila
Utikan konplexuak

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2019ko abuztuaren 08a

Game of thrones ahalguztidunaren aroan, izan da ekoizpen xumerik telesailen munduan: garun-paralisi arina duen gazte gay baten benetako bizitza fikziora ekartzen duen Special da horietako bat. hamabost minutu eskaseko zortzi kapituluk osatzen dute lehenengo denboraldia eta hasperen batean ikusten dira, bi orduko filma bailitzan. Ryan O’Connell da sortzaile, zuzendari eta aktore nagusia, eta bere esperientzia pantailaratu du, baina sinopsia irakurrita bestelakorik dirudien arren, ez da istorio dramatikoa. Tonu ironikoa eta mingotsa dosi orekatuetan banatuz, amaren etxea utzi eta behingoz bere kabuz bizi nahi duen gaztearen nondik norakoak kontatzen dizkigu. Ez didaktiko, ez moralista, are gehiago, batzuetan fribolo samar, gogoetarako gai mamitsuak utzi dizkigu, aniztasun funtzionalaz, laguntasunaz, gorputz kanonez, maitatzeaz (baita norbere burua ere), estereotipoez, “atsegin dut” errazak bilatzen dituen egungo kazetaritzaz, zaintzaz… eta ama-semearen arteko –bi norabideko– menpekotasun harreman konplikatuaz. Aipatzekoa da Netflixek eman duela Special. Banatzaile handi eta gutxi batzuen esku dago, gero eta gehiago, telesail eta filmen produkzioa, baina beste artikulu baterako gaia da hori.

Special

Zuzendariak: Ryan O’Connell,

Anna Dokoza

Aktoreak: Ryan O’Connell, Jessica Hecht, Julie Cude-Eaton, Samantha Lee

AEB, 2019

Denboraldi bat, 8 kapitulu