argia.eus
INPRIMATU
Usurbili ere debekatu egin diote atez ate bildutako organikoaren parte bat baserritarrekin konpostatzea
  • Usurbilgo udalak atez ate biltzen duen hondakin organikoaren parte bat –100 tona urtean– herriko bi baserritarrekin elkarlanean konpostatzen hasteko proiektua zeukan abian, Espainiako goberenuaren diru-laguntza ere lortuta. GHK kontsortzioak debekatu dio horrelakorik egitea, bildutako hondakin guztiak bere eskumenekoak direla eta.

Zero Zabor @zero_zabor 2019ko maiatzaren 02a
Austrian eta beste zenbait lekutan ohikoa da hiri hondakinak baserritarrek egitura txikietan kudeatzea.

Hernani ez da bere hondakin organikoak konpostatzeko planta txiki bat herrian eraikitzea debekatu dioten bakarra. Erraustegia muturren aurrean eraiki dioten Usurbilgo herriari ere iritsi zaio debekua. Hernanikoaren aldean –2.000 tona urtean– txikia da Usurbilgo proiektua, urtean 100 tona organiko (denetara atez ate biltzen dituen 850 tonetatik, 150 tona gehiago auto- eta auzo-konpostean birziklatzen dituzte usurbildarrek). Usurbil 0.0 programaren osagai inportante bat da bio-hondakinak udalerrian bertan konpostatu ahal izatea, herriak Ekonomia Zirkularrean aurrera egiteko planean ezarri duen ildo estrategikoan.

ARGIAk jakin duenez, Madrilgo gobernuak diru-laguntzaz hornitutako proiektu hau Usurbilgo udalak Donostialdeko nekazaritza sustatzen duen Behemendi elkartearekin elkarlanean osatu du. Herriko bi baserritar jarri nahi dira etxeetako hondakin organikoak nekazaritzako beste hondakinekin nahastuta konpostatzeko lanean eta hori ahalbideratzeko erosketa eta lanak aurreratuta daude, tartean konpost pila iraultzeko makina berezia eta operazio osoa egingo den lurzoruaren prestaketa. Orain GHKk emandako ezezkoarekin asmo guztia geratu da airean.

Administrazioek etxeetako hondakin organikoak nekazariekin elkarlanean kudeatzeko hautua ezaguna da munduko hainbat lekutan, Austrian esaterako. Kudeaketa eredu horrekin helburu bat baino gehiago lortzen da: alde batetik, udalerriek lekuan bertan lortzen dute beren hondakinen atal handi bat (zabor deituen %40-50 txerri-janek osatzen dute) hurbileko egitura txiki eta merkeetan birziklatzea lortzen dute; bestetik, aspaldian kinka larrian diren baserritarrei beren soldata segurtatzeko bigarren diru-iturri segurua eskaintzen zaie.

Usurbil eta Hernaniren kasuan, gainera, bada beste motibo praktiko bat gehiago. Udalok atez ateko sisteman purutasun handiz biltzen duten bio-hondakina primerakoa da maila goreneko konposta egiteko, baina GHKri entregaturik horiek nahasten dira beste sistema batzuekin askoz zikinago bildutako beste organikoekin. Horrela, alde batetik zikinagoak bezala garbienak denak tarifa berean pagatuz Atez Ateko bilketan ari direnak kaltetuta ateratzen dira diruz; eta bestetik, kuidado handiz bildutako organikoa konpost txukun eta salgarria ekoizteko katea eteten da.