Ikastola Egun honetan, nahi izan gabe ere begirada Zubieta gainera zuzentzea ia saihestezina zen. Ondoko argazkietan ikus dezakezue, Ikastolako kideak, 50. urtemugako mosaiko erraldoia osatzera zihoazela, atzean zuten panorama. Begi bistakoak dira jada, urtebete barru amaitua eta martxan izatea aurreikusten duten erraustegiko lanak.
Kezkatuak, osasunean izan dezakeen eraginagatik
Gogoan izango duzue, maiatza hasieran, GuraSOSek Hitzartu prozesuaren baitan maiatzaren 5erako Landaberri Ikastolan antolatu herritarrentzatn antolatu zuen hondakinen kudeaketaren gaineko jardunaldi eguna. Jardunaldi hartan parte hartzeko gonbita luzatzearekin batera, Lasarteko ikastolak aurrez plazaraturiko kezkarekin bat egin zuten Udarregi Ikastolako langileek. Kezka agertu zuten Zubietan eraikitzen ari diren erraustegiak ikasle eta langileen osasunean izan dezakeen eragin kaltegarriagatik. Kezka baita beste hamaika arrazoirengatik.
“Landaberriko irakasleen antzera, gu ere kezkatuta gaude
Kezkatuta, 2 kilometro eskasera eraiki nahi duten errauskailuak langileon eta ikasleon osasunean sor ditzakeen kalteak larriak direlako ikerketa zientifikoen arabera.
Kezkatuta, Gipuzkoako Hezkuntza ordezkaritzak Landaberriko irakasleen idatziari emandako erantzunagatik eta hitz eginez kezka horri erantzun beharrean, presio bidez tentsio gehiago sortarazi duelako.
Kezkatuta, ikasleek Udarregi ikastolan egunerokotasunean lantzen ditugun balio eta eredu hezitzaileak (horien artean, liskarrak hitzaren bidez konpontzea, modu demokratiko eta parte-hartzailean adostasunetara iristea, gainerako kideei norberaren erabakiak ez inposatzea) ‘helduen munduan’ ez direla bermatzen ikusiko dutelako.
Kezkatuta, adostasun zabalak behar dituzten hainbat gaietan (genero-indarkeria kasu) erakundeek herritarrekin elkarlanean jarduten badute ere, guztioi eragiten digun eta guztion artean erabaki beharreko gai honetan desberdin jokatu dutelako.
Aurrez aipatutako kezka horiek zuk ere buruan badarabiltzazu, har ezazu hitza. Hondakinen kudeaketaren gaiari nola aurre egingo diogun eztabaidatu eta adostu behar dugu. Guk, irakasleok, Udarregin ikasleekin egin ohi dugun moduan, hitz egin dezagun hain liskartsua baina garrantzitsua den gai honen inguruan.
Etorkizuneko hiritarren hezkuntza ez da bakarrik irakasleon ardura. Guztiok dugu zer esana gai honetan.
Albiste hau Noauak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.