argia.eus
INPRIMATU
Usurbilen trenak harrapatu zuen Mozal Legearen aurkako ekintzailea auzitara eraman du Ertzaintzak
  • 2017ko maiatzaren 13an Usurbilgo geltokian Mozal Legearen aurkako protesta batean tren batek zauri larriak eragin zizkion Martin Goitiandia donostiarrari. Orain Ertzaintzak ekimen horregatik auzitara eraman ditu bera eta anbulantziaren zain berarekin geratu zen laguna. Martxoaren 5ean izango da epaiketa Donostian.

Axier Lopez @axierL 2018ko urtarrilaren 31
Istripuaren ondorengo egunetan, Donostiako ekintzaile gaztearen aldeko elkartasun mezu ugari agertu ziren.

Ertzaintzak abiatutako ikerketaren ostean, kalteengatik epaituko dituzte Martin Goitiandia eta geltokian anbulantziaren zain bera laguntzen geratu zen kidea. Euskotreneko bi ordezkari ere deituta daude epaiketara deklaratu dezaten.

Ekainean elkarrizketa egin genion Goitiandiari eta ondorengoa erantzun zuen ea ekimenak ondorio legalik ekarri ote zuen galdetuta: “Ni lo nengoela etorri ziren ertzainak ospitalera. Gurasoekin izan ziren. Nire neurriak eskatu zituzten istripuaren inguruko azterketa egiteko. Usurbilgo geltokian izan ziren beste pertsona batzuei ere galderak egin dizkie, baina niri ez. Espediente bat ireki dute eta hor sartu dute istripua izan ostean anbulantziaren zain nirekin geratu zen pertsona. Bera adin txikikoa da, eta hasieran lekuko moduan joateko deitu bazuten ere, azkenean inputatu gisa sartu dute kalte materialengatik”.

"EAJ, Mozal Legeari ez"

Usurbilgo geltokian Donostiako Eleak-Libre mugimenduko 15 laguneko taldea "EAJ, Mozal Legeari ez" zioen mezua margotzen ari zela gertatu zen istripua. Donostiatik zetorren trena geltokian geldi mantentzeko asmoz, Martin Goitiandia trenaren aurrean jarri zen, baina gidariak bera ikusi ez eta nasa eta trenaren artean harrapatuta geratu zen. Hiru aste baino gehiago izan zen ospitalean, horietako bi zainketa berezietan. Femurra hautsita, pelbisa hiru zatitan ukitua, bizkarreko orno batean fisura, buruan kolpe handia, erredurak eta zauriak izan zituen. Koma induzituan izan zen 12 egunez.

Ondorengo egunetan elkarretaratzeak, margoketak, pankartak eta protesta ekimenak egin zituzten ekintzaile donostiarrari eta haren senideei elkartasuna adierazteko.

 

 

 

 

Martin Goitiandia.  Argazkia: Axier Lopez