"Alboan behar zaituztegu" SOS mezua baliatuz egin zuen deia Usurbilgo Udalak joan den aste hasieran, eta ostiral (abenduak 13) iluntzean herriko kaleak zeharkatu zituen manifestazioak. Eta jendeak erantzun zuen, eta nola gainera. Ehunka lagunek probaldi fasean martxan den erraustegia geratzea exijitu zuten Usurbilgo kaleetan.
Udaletxe atariko Joxe Martin Sagardia plazatik abiatu zen "SOS Usurbil. Erraustegia gelditu" aldarria zeraman manifestazio jendetsua. Manifestazioaren buruan, Usurbilgo udal gobernu taldeko EHBilduko kideak, udal ordezkari politiko bakarrak. Manifestazio hau eta abian jarri dituzten ekimen gehiagoren (gutunak Gipuzkoako alkateei, xingola beltzak jartzea, ahaldun nagusiari biltzeko eskatzea...) sustatzaile bakarrak. Gogoan izan, azaroaren 28ko udalbatzarrean onarturiko mozioan deitu zutela abenduaren 13ko manifestazioa. Adierazpen haren aurka agertu ziren EAJ eta PSE.
Haserrea agertu zuten erraustegia piztea erabaki duten aipatu bi alderdiotako agintari politikoekiko. Ernai gazte mugimenduaren izenean pankarta bat ikusi ahal izan zen, "PNV herriak ez du barkatuko. Utzi bizitzak kutsatzeari" zioena.
Aipatu moduan udaletxetik abiatu eta Kaxkoari itzulia eman zion mobilizazioak frontoira heldu arte. Bidean, etengabekoak izan ziren erraustegiaren aurkako oihuak, "ez erre gure hondakinak", "Olano entzun, ez Zubietan ez inon" zioten aldarriak.