argia.eus
INPRIMATU
Usurbilek AƱarbeko ura baino ez du erabiliko gastroenteritisaren jatorria guztiz argitu bitartean
  • Usurbilgo alkate Xabier Arregik eta Añarbeko Urak partzuergoko kudeatzaile Joxean Ercillak azalpenak eman dituzte joan den astean herrian izandako gastroenteritis piztualdiaz. Arregik adierazi duenez, momentuz Añarbeko uraz baizik ez dira hornituko usurbildarrak, udalaren ur baliabideak biltzen dituen Erroizpeko biltegian kutsadura zerk eragin zuen argitu arte, nahiz eta une honetan garbi dagoen hango ura ere.

Unai Brea @unaibrea2 2017ko azaroaren 21
Usurbilgo alkate Xabier Arregik (ezkerrean) esan du udala lanean ari dela "Erroizpeko ur biltegian zehatz-mehatz zer gertatu den jakiteko". (Arg.: Usurbilgo Udala)

“Azterketa guztien emaitzak esku artean, eta Osasun Sailetik baieztatu digutenez, esan dezakegu Erroizpeko urarekiko esposizioa izan dela gastroenteritisa eragiteko arrisku-faktore nagusia azaroaren 13, 14 eta 15ean”, esan du Xabier Arregik. Azaroaren 16tik Añarbeko ura besterik ez da bidali Usurbilgo txorrotetara, eta hala egingo da Erroizpen izandako kutsaduraren zergatia argitu arte. Erroizpeko uraren kontrola Añarbeko partzuergoak eta Jaurlaritzako Osasun Sailak egiten dutela argitu du alkateak, tratamendua Udalaren baliabideekin egiten bada ere.

Arregik azaldu duenez, “gastroenteritis piztualdia pasatu bada ere, jakin nahi dugu zehatz-mehatz zer gertatu den, eta hori aztertzen gabiltza”. Udalak bere iturburuak zaindu behar dituela gaineratu du alkateak, eta berme guztiak izan arte ez dela Erroizpeko ura berriz erabiliko. Honenbestez, eta Añarbetik herrira iristen den jarioa ere segurua dela ziurtatu eta gero, txorrotako ura ez kontsumitzeko aholkua bertan behera utzi du Udalak.

Hona hemen prentsaurrekoaren bideoa, Noaua-k hartuta: