argia.eus
INPRIMATU
Usurbil 0.0 pauso berri bat hondakinen kudeaketan
  • Atzoko egunez aurkeztu zuen Usurbilgo udalak, hondakinen kudeaketan pauso berri bat suposatuko duen Usurbil 0.0 plan estrategikoa.

Xuban Zubiria @xubanzubiria 2016ko abenduaren 23a
Argazkia: Noaua

Hondakinen kudeaketa plan berria martxorako prest egotea espero du Xabier Arregi Usurbilgo alkateak. Hondakinen bilketa sistemaren plan berria egiten lagunduko duten adituak ere aurkeztu zituen atzo Usurbilgo Udalak, tartean dira Joan Marc Simon (Zero Waste Europe) Ignaci Puig (Ingurugiro Zientzietan doktorea UAB-en) Ramón Plana (Biologian doktorea) eta Gorka Bueno (EHUko Ingeniaritza Graduko irakaslea). Plan honen egituratzean herritarren parte hartzea ere oso garrantzitsua izango dela azaldu zuen Ibon Goikoetxea Usurbilgo Ingurumen teknikariak.

Goikoetxearen ustez, 2008. urtean atez-ateko bilketa sistemarekin hasitako bidean pauso kualitatibo bat emateko ordua iritsi da. Bere esanetan Usurbilek hondakinak kudeatzeko eredu propio eta integral bat finkatzeko ordua iritsi da. Erronka, planteamendu globalei tokiko erantzun jasangarriak ematea dela esan zuen, eta bide horretan Usurbilek izan duen aitzindaritzan aurrera egin behar duela.

0.0 plana

Izenak argi dioen bezala, Usurbilgo Udalak bere egiten du "zero hondakinak" filosofia. Plan hau burutu ahal izateko herritarren ahalduntzean pauso indartsuak ematen jarraitzea eta plan berriari dimentsio kolektibo zabala ematea espero da.

Martxorako prest edukitzea espero dute eta 2023. urtea jarri dute helmuga moduan. Oraindik gainditzeke dauden bost helbururi erantzun bat ematera dator Usurbil 0.0 :

-2023 urterako Usurbilgo hiri hondakinen sorrera %10 murriztea.
-Usurbilen sorturiko biohondakina herrian konpostatu eta erabiltzea. (700 tona biohondakin inguru).
-2023an zabortegian isurtzen diren hondakinak inerteak eta gehienez ere %5 material biodegradarri izatea.
-2023an hiri hondakinen bilketa eta tratamendu zerbitzuaren defizita 0 izatea.
-2023 urterako hiri hondakinen %90 gaika biltzea.

Horrek guztiak herriarentzat erronka handia suposatzen duela adierazi zuen Xabier Arregi Alkateak, baina herritarren parte hartzearen bitartez ziur dago hondakinen kudeaketa plan estrategiko berria oinarri sendoak finkatzeko kapaz izango dela. “Usurbilek beste hainbatetan bezala erantzungo du” esanez amaitu zuen agerraldia.