Blanca Ester Díaz Pulido epaileak Osakidetzako 2018ko oposizioen filtrazioen inguruko ikerketari amaiera eman dio, sei urte eta erdi igaro ondoren. Akusatu guztiak absolbitu dituzte, 22 guztira, nahiz eta bi kasu behin-behingoz artxibatu dituzten.
Iruzurra izan zela balioztatzen duen frogarik ez dagoela adierazi du Gasteizko Instrukzioko 2 zenbakiko epaile titularrak. Filtrazioak izan zirela salatu zenean, hainbat galdetegi eta erantzun aztertu ziren ikerketa batean. Horrez gain, oposizioetako azterketak manipulaturik zeudela frogatzeko hainbat estatistika egin zituen sindikatuak. Baina, epailearen aburuz, ez dago irregulartasun horiek gertatu zirenarren frogarik.
Akusatutako guztiak absolbitu dituzte, nahiz eta bi kasutan –Thais Salas eta Alfredo Martínez Flórez oposiziogileena– itxiera "behin-behinekoa" izan den, eta froga berriak azalduz gero auzia berriro ireki liteke. Horrela azaldu du El Diarion Iker Riojak.
Beste espezialitate guztietan –Anestesia, Angiologia, Neurozientziak, Urologia eta beste hainbatetan– epaileak ebatzi du ez dela “delitua justifikatzeko adinako ebidentziarik” aurkitu. Gainera, auzian inplikatutako askok dagoeneko Osakidetzan lan egiteari utzi diote, erretiroa hartuta edo beste erkidego batzuetara joanda.
Osakidetzako medikuen oposizioetan izandako irregulartasunak 2018ko ekainaren 1ean hasi ziren susmatzen, Anestesia espezialitateko oposizioen kasuan. Hori izan zen lehenengo salaketa, eta ESK sindikatuak aurkeztu zuen. Sindikatuak salatu zuen oposizioko galderak aurretik jakin zitezkeela, eta azterketetan egon ziren desberdintasunak nabariak zirela.
Hori dela eta, hainbat mediku eta oposiziogilek egindako salaketen ondorioz, Fiskaltzak ikerketa ofiziala abiatu zuen 2018ko udazkenean. Anestesia espezialitateko salaketez gain, beste hainbat espezialitatetan ere aztertu ziren filtrazioen susmoak.
Prozesuan zehar hainbat irregulartasun izan dira, salaketa jarri zuen medikuetako bat lanpostutik kaleratzeko saiakera esaterako. 2019ko maiatzean kontratua eten zioten Marta Macho, anestesistari. Osakidetzako oposaketen iruzurra salatu zuen lehen pertsonetako bat izan zen. Machok bere lan kontratua beste langile bati esleitu ziotela salatu zuen, iruzurra salatzeagatik. ESK sindikatuak lan kontratua beste langile bati ematea barne araudiarekin kontrakoa izan zela argudiatu zuen, eta Osakidetzak atzera egin zuen zegokion lan kontratua onartuta.
Ikerketak aurrera joan ahala, hainbat izan ziren dimitu zuten goi-kargu ere. Horien artean, Giza Baliabideetako zuzendariordea zen Xabier Balerdi, Osasun sailburu Jon Darpón, Giza Baliabideetako zuzendari Juan Carlos Soto, eta Osakidetzako zuzendari María Jesús Mujika.
Ikerketaren hasierako epea 2021eko udan amaitu zen, gertakariak izan eta hiru urtera, baina sei hilabeteko luzapen bat onartu zen. 2022ko urtarrilean, salaketek "in extremis", sei hilabete gehiago lortu zituzten, kasua itxi ez zedin. Hala ere, epe horretan ez zen inolako aurrerapenik izan, eta sei hilabete pasa ondoren, instrukzioaren amaiera adostu zen. 2023ko apirilean, Arabako Auzitegiak berretsi zuen erabakia.
Orain, epaiak ikerketaren itxiera adierazi du “prozesuak izandako atzerapenek” eta “instrukzio sakon baten falta” argudiatuta. Blanca Ester Díaz Pulidok 164 orrialdeko autoa eman du prozeduraren instrukzioa amaitzeko.