Ekainaren 22an atxiloketak salatzeko deitu zuten Herriko Etxearen aurrean mobilizazioa eta jendetza gerturatu da.
Lau gazte atxilotu zituen Frantziako Poliziak ustez higiezinen agentzietan pintaketak egiteagatik, ekainaren 22an. Kazeta.eus-ek azaldu duenez, egunaren amaieran aske utzi zituzten, Senpereko herriko etxearen aurrean egindako mobilizazioaren ondoren. Berrehun bat lagun gerturatu dira “Utz gazteria bakean, non à la répression, atxilotuak askatu!” lelopean egindako manifestaziora. EH Baik, Kontseilu Sozialistak, LABek eta Xuti Gazte dinamikak deitoratu zituzte atxiloketak.
Senpere Bai koalizioak Facebook-en argitaratutako prentsa ohar baten bidez salatu ditu 2atxiloketa bortitzak". Prentsa oharrean adierazi duenez, Frantziako Estatuak "betiko norabidean" jarraitzen du, bake prozesu baten existentzia guztiz baztertuz eta "garai zaharretako ber egin-molde errepresiboak aplikatuz". Atxilotutako lau gazte senpertarrei dagokionez udalerriko biziaren parte direla zehaztu du, atxilotuetako bat herriko kontseilaria dela ere gehituz.
Espekulazioaren aurka
Ipar Euskal Herriko hainbat udalerritan egin dira eta egingo dira mobilizazioak espekulazioaren aurka, adibidez ekainaren 25ean Ainhoan egingo dena edo 2021eko azaroaren 20ean Baionan egin zen mobilizazioa, etxebizitza eskubidearen alde.
Senpere Baik salatu du Frantziako Estatuak etorkizunaz kezkatua agertzen den gazteria aktiboa "kriminalizatzen" duela, Euskal Herriak etxebizitzaren arloan bizi duen arazoari berehalako erantzun konkretuak aurkitzeko ordez.
Apirilean beste lau gazte lapurtar atxilotu zituzten Hazparnen, Itsasun eta Bordelen, 2021eko azaroan abiaturiko inkesta bati loturik. Kasu horretan ere higiezin agentzietan pintaketak egitea leporatzen zieten gazteei.