argia.eus
INPRIMATU
Ustelkeriaren Aurkako Bulegoa sortzea erabaki du Eusko Legebiltzarrak
  • Alderdi Popularraren abstentzioa salbu, gainerako talde politikoek babestu dute EH Bilduk mahai gainean jarritako proposamena.

Igor Galarza Intxausti @IgorGalarza 2019ko urriaren 03a
Eusko Legebiltzarra, bilkura batean

Ostegun goizean egin da Ustelkeriaren Aurkako Bulegoa sortzeko bozketa. Euskal Autonomia Erkidegoko Legebiltzarreko jardunaren ostean, Larraitz Ugarte EH Bilduko legebiltzarkidea pozik agertu da, “legez kontrako jarduera ustelak eta praktika desegokiak ikertu, jazarri eta zigortzea ahalbidetuko dituelako”.

Hasierako txostenak EAEko foru aldundien mugimenduak aztertzea jasotzen zuen. Uztailean diputazioek EAEko Ebazpen Batzordera eraman zuten EH Bilduren proposamena. Batzordeak bide eman zion bulegoa sortzeari, nahiz eta foru aldundien gaineko kontrola zehazten zuen puntua aldatu beharra zegoela ebatzi. Ugartek “oztopo gehiagorik ez jartzeko” eskatu die gainontzeko alderdiei.

Espainiako Estatuan ustelkeria kasu ugari izan dira, baina EAEn ere gertatu dira kasu entzutetsu batzuk. De Miguel auzia erkidegoan ustelkeriagatik egon den auzirik handiena izan zen, 26 auzipetu eta ehundik gora lekuko egon baitziren. Horrez gain, badira beste kasu batzuk: Bidegi auzian EAEko kontu epaitegiak 2013an enpresaren kontuetan hutsuneak aurkitu zituen. Eneko Goia Donostiako alkateak, irailaren 13an lekuko gisa deklaratu behar izan du auzi hori dela eta. Azken ustelkeria kasu aipagarriena Osakidetzako Lan Eskaintza Publikoekin gertatutako irregulartasunaren harira etorri da. Duela hilabete, irailaren 3an, dimisioa eman zuen orduan Osakidetzako zuzendaritzako kide zen Xabier Balerdik.