argia.eus
INPRIMATU
Ustelkeriagatik zigortuta ere, De Miguel jelkide ohiaren lanerako eskubideari eutsi dio Ortuzarrek
  • Astelehen goizean Radio Euskadin egindako adierazpenetan, EAJko EBBko presidenteak adierazi du auziaren behin betiko epairik eman ezean, EAJk ezin duela ezer egin ustelkeriagatik zigortutako Alfredo de Miguelek Jaurlaritzarekin lotura duen enpresan lanik ez egiteko. Justiziaren "geldotasuna" kritikatu du.

Lide Iraola 2023ko urtarrilaren 09a
2019an hamahiru urteko espetxe zigorra jarri zioten De Migueli (eskuinean) ustelkeria sare baten buru bezala. / Argazkia: El Diario

Ustelkeriagatik zigortutako Alfredo de Miguel jelkide ohiak Jaurlaritzaren ordezkari gisa ekitaldi instituzionaletan parte hartu duela argitaratu du El Diario-k joan den astean. Horren harira mintzatu da Andoni Ortuzar EAJko EBBren presidentea astelehenean Radio Euskadin. Justizian jarri du erantzukizuna: "Ez da normala hamalau urteren ostean auziak irekita jarraitzea. Konplexua da, baina ez da Watergate kasuaren gisakoa ere".

Eusko Jaurlaritzari atxikita dagoen Hazi fundazioak agertutako ildo beretik, Ortuzarrek adierazi du alderdikide ohiak "bere eskubide guztiak" mantentzen dituela auzitegiak epai irmoa eman artean, baita lanerakoa ere. Hortaz, adierazi du EAJk ezin duela ezer gehiagorik egin.

Bestalde, El Diario-n informazioa argitaratu zuen Iker Rioja kazetariaren arabera, fundazioak aukera izan zuen legez De Miguel langile moduan ez onartzeko: izan ere, Haziren 2019ko hitzarmen kolektiboak bere kideen kaleratzea ahalbidetzen zuen delitu ekonomikoengatik sei urte baino gehiagoko zigorra jasoz gero, eta ez du zehazten epaia “irmoa” izan behar duenik.

Oposizioko alderdiek egindako kritiken inguruan, Ortuzarrek gaitzetsi egin ditu hauteskundeei begira eginikoak direlakoan.

'De Miguel' kasua

Arabako Buru Batzarreko kide zen De Miguel 2010eko martxoan atxilotu zuen Poliziak Arabako EAJko beste bi buruzagirekin batera. Arabako Auzitegi Nagusiak 13 urteko espetxe zigorra ezarri zion 2019ko abenduan, ustelkeria sare bateko buru izatea egotzita, baina berak eta beste kondenatu batzuek helegitea aurkeztu zuten, eta hiru urteren ondoren Espainiako Epaitegi Gorenak ez du epairik eman oraindik.